Askapen nazionaleko prozesu batean badaude funtsezko zeregina betetzen duten eragileak: alderdi politikoak, herri-mugimenduak, kultur eragileak eta, jakina, baita sindikatuak ere. Izan ere, sindikatuen indarrik gabe nekez irudika daiteke askapen nazionaleko prozesurik. Kontuan hartu behar baita Euskal Herrian, eta Europako estaturik gabeko beste Herrietan ere, sindikatuek kide eta afiliatu gehiago dituztela alderdi politikoek baino.
Zein da Europako estaturik gabeko nazioetan sindikatu abertzaleek edota independentistek duten indarra? Nahiko ondo ezagutzen dugu zein den nazio horietan alderdi politiko abertzaleen pisua, haien izenak ere badakizkigu, eta baita haien eragina tokian tokiko parlamentuetan ere, baina ez da gauza bera gertatzen sindikatuekin. Naziogintza Taldean Europako sindikalismo abertzale edota independentistari buruzko ikerlana burutu dugu, eta artikulu honetan gure ondorioak laburbilduko dizkizuegu.
EUSKAL HERRIA:
Euskal abertzaletasuna XIX. mendearen bukaeran artikulatu zen mugimendu politiko gisa. Garai hartan azaldu ziren gure Herrian lehenengo sindikatuak ere, sozialistak eta espainiarrak. Horien aurrean, euskal abertzaletasunak 1911an lehenengo euskal sindikatua sortzen du, ELA (Eusko Langileen Elkartasuna). Urte gutxitan ELA Hego Euskal Herriko sindikatu hegemoniko bihurtu zen eta gaur arte mantendu du hegemonia hori, 100.000 afiliatu baino gehiago izanik 3 milioi biztanle inguruko nazio txiki batean.
1974an sortu zen Euskal Herriko beste sindikatu abertzalea, LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak). LAB da une honetan gure Herriko bigarren sindikatua, 50.000 afiliatu inguru dituela.
Hego Euskal Herrian ELAk %36ko ordezkaritza sindikala du, eta LABek %19. Bien artean, %55. Sindikalismo abertzalea, beraz, nagusi da Hego Euskal Herrian. Aitzitik, sindikatu espainiarrek (CCOO+UGT) %35eko ordezkaritza dute. LABek gainera ordezkaritza eta presentzia ditu Ipar Euskal Herrian.
Euskal sindikatu abertzaleen elkarlana ezinbestekoa da prozesu independentista bat gurean abian jartzeko. 1998an ELAk eta LABek elkarrekin lan egin zuten, beste eragile politiko batzuekin batera, Lizarra-Garaziko prozesuan, arlo nazionalean aurrerapauso handiak emanez espainiar menpekotasun politikoaren zikloa bukatzeko. Zoritxarrez, prozesu hori pikutara joan zen 2000. urtean, ETA erakundeak 1998an hasi zuen su-etena bukatutzat eman zuenean.
Gaur egun, tamalez, ez dago gure Herrian inongo prozesu independentistarik, eta ELA eta LABen arteko harremanak ez dira onak. Uste osoa dugu ezberdintasunak baztertuz eta gutxieneko akordio nazional bat abian jarriz posible izan litekeela Euskal Herrian askapen nazionaleko prozesu berri bat piztea. Gure Herrian badaude autodeterminazioaren aldeko gehiengo politiko eta sindikalak, borondate politikoa eta elkarlana besterik ez zaigu falta hemen burujabetzaren aldeko prozesu bat berriz hasteko.
KATALUNIA:
Euskal Herriarekin alderatuta, Katalunian sindikalismo independentista ez da hegemonikoa. Aitzitik, nahiko ahula da, harrigarria dena kontuan hartuta independentismoaren indarra bertako kaleetan eta parlamentuan.
Intersindical-Confederació Sindical Catalana da Kataluniako sindikatu independentista nagusia. 1985ean sortu zen, eta hauteskunde sindikaletan emaitza apalak ditu, botoen %3 eskuratuz. 7.000 afiliatu inguru ditu, eta bere presentzia pixka bat hobea da langile publikoen artean (Generalitateko langileen artean, bereziki).
Esanguratsua da, ordea, nekazarien sindikatu nagusiaren indarra, Unió de Pagesos izenekoarena. 5.000 afiliatu inguru ditu, eta Kataluniako prozesu independentistan independentziaren aldeko jarrera aktiboa hartu zuen.
Zaila da ulertzea eremu sindikala zergatik izan den betidanik Kataluniako askapen nazionaleko mugimenduaren ahulgunea. Arrazoi historikoak aipa daitezke: XX. mendearen hasieran, Euskal Herrian sindikalismo abertzalea sortu zenean, Katalunian anarkismoaren aldeko joera zuen langile-mugimenduak. Eta, jakina denez, anarkismoak ez zion auzi nazionalari garrantzi berezirik ematen. Era berean, Espainiako II. Errepublikaren garaian anarkismoan sartu ez zen Kataluniako proletalgoa elkarri laguntzeko zentroetan eta “casal”-etan antolatu zen nagusiki. Erreferentzia historiko baten gabeziak ez zuen erraztu frankismoan eta frankismoaren osteko urteetan sindikalismo abertzalearen gorakada Katalunian.
GALIZIA:
Klase-sindikalismoa izan da funtsezko tresnetako bat Galiziako mugimendu suberanistarentzat. Diktadura frankistaren azken urteotan lehenengo sindikatu nazionalistak agertu ziren bertan, garai hartako langileen mobilizazio handiekin batera.
1994. urtean CIG (Confederación Intersindical Galega) sindikatu abertzalea sortu zen, gaur egun Galiziako sindikatu nagusia dena, bai kale-mobilizazioari dagokionez zein hauteskunde sindikaletan ere: %30eko ordezkaritza sindikala du Galizian, 70.000 afiliatu inguru eta 4.500 ordezkari sindikal Galizian zehar.
Bada beste sindikatu abertzale bat nazio horretan, Central Unitaria de Traballadoras (CUT) izenekoa, baina bere garrantzia lan-munduan apalagoa da.
ESKOZIA ETA GALES:
Eskozia izan da azken urteotan, Kataluniarekin batera, independentziaren aldeko urrats esanguratsuenak egin dituen Europako nazioa. Baina hor ere, Katalunian bezala, sindikalismo abertzalea ahula da. Izan ere, Eskozian ez dago indarrik duen bertako sindikatu abertzalerik. Eskoziako erakunde sindikal nagusia, Scottish Trade Unions Congress, Eskoziako sindikatu guztiak biltzen dituena, ez zen publikoki busti Eskoziako independentziari buruzko erreferendumean (2014an), eta jarrera neutrala mantendu zuen, bere ordezkari esanguratsu batzuek maila indibidualean independentziaren aldeko hautua egin arren.
2014ko independentziari buruzko erreferendumean bi sindikatuk soilik independentziaren aldeko jarrera garbia hartu zuten: Rail, Maritime and Transport Workers Union-ek (RMT), garraio arloko sindikatu nagusiak, eta Fire Brigade Union-ek (FBU), suhiltzaileenak. Biak ala biak Erresuma Batuko sindikatuak dira, ez Eskozia mailakoak soilik. Halere, independentziaren aldeko botoa eskatu zuten Eskozian.
Ez da hobea Galeseko egoera. Han ere ez dago sindikatu abertzalerik. PLAID CYMRU-k, Galesko alderdi abertzale nagusiak, badu atal sindikal bat (UNDEB), independentziaren aldeko sindikalista esanguratsuenak biltzen dituena. Baina UNDEB ez da ohiko sindikatua, eta bere eragina langileen artean oso mugatua da.
Badaude galestar hizkuntza eta kulturaren aldeko sindikatuak, galesez funtzionatzen dutenak, baina ez dute independentziaren aldeko jarrera espliziturik hartzen. Undeb Cenedlaethol Athrawon Cymru da garrantzitsuena, irakasleak eta hezkuntza munduko langileak biltzen dituena.
KORSIKA:
XX. mendeko 1970eko hamarkadan korsikar nazionalismoa indarrez azaldu eta politikoki egituratzen hasi zen. Garai horretan FLNC ere agertu zen, hurrengo hamarkadetan uhartean interes frantsesen aurkako atentatuak egin zituen erakunde armatua.
Korsikako nazionalismoa sindikatuetara ere hedatu zen. 1970eko hamarkadan, uhartean gehiengoa zuten sindikatu frantsesetan (batez ere CFDTn) Korsikako aldarrikapen nazionalak sartzen saiatu zen, baina lortu ez zuenez, sindikatu autonomo nazionalista bat sortzea erabaki zuen. Frantziako sindikatuetan eragiteko politika bertan behera utzi, eta berariazko egitura sindikal bat sortu zen langile korsikarren defentsarako. Horrela jaio zen 1984ko maiatzean STC (Sindicatu di Travagliadori Corsi).
2002. urtean STCk lehenengo garaipen sindikalak lortu zituen uhartean, eta 2008an sindikatu nagusi bihurtu zen, Korsikako lan-auzitegien presidentetza lortzean.
Gaur egun STC da, alde handiarekin, Korsikako sindikatu nagusia. Ia 8.000 afiliatu ditu (kopuru esanguratsua, irlako populazio osoa 316.000 biztanlekoa dela kontuan hartuz) eta sektore publiko zein pribatuan presentzia nabarmena du. 2023ko Lurralde Zerbitzu Publikoen hauteskundeetan % 55eko ordezkaritza lortu zuen, Frantziako sindikatuen (CGT eta CFDT) oso gainetik.
FLANDRIA ETA BRETAINIA:
Flandriak ez du inongo sindikatu abertzalerik. Bertako sindikatu guztiak belgikarrak dira, Belgika mailakoak.
Gure berriemaile flandriarrek diotenez, XX. mendeko 1930eko hamarkadan Belgikako errege Albertoren eta sindikatuen arteko itun ez-ofiziala egon zen. Itun horren bidez sindikatuek Belgikako batasunaren aldeko jarrera hartu zuten, trukean onura eta pribilegio batzuk eskuratuz.
Bretainiari dagokionez, zegoen sindikatu abertzale bakarrak, SLB (Sindikad Labourerien Breizh), 2001ean sortua, ez du dagoeneko jarduera aktiborik. Bere indarra bertako langile-mugimenduan oso apala zen.
AOSTA HARANA, SARDINIA:
Italiaren mendeko bi Herri hauetan badaude sindikatu abertzaleak, eta beren indarra ezberdina da.
Aosta Harana Italiako ipar-mendebaldeko nazio txikia da, duela gutxi arte nagusiki frantses-hiztuna zena. Bertako sindikatu nagusiak, SAVT-k (Syndicat autonome valdôtain des travailleurs), loturak izan ditu historikoki bertako alderdi abertzale historikoarekin, UNION VALDÔTAINE-rekin. Ia 10.000 afiliatu ditu, kopuru oso handia kontuan hartuz Aostak 128.800 biztanle besterik ez dituela. Sindikatua 1952an sortu zen, Italiako sindikatuen aurrean Aostak sindikatu nazionalista bat izan zezan.
Sardinian, aldiz, sindikalismo abertzaleak ez du, inondik inora, hainbeste indarrik. 1985ean sortu zen Confederazione Sindacale Sarda (CSS), bertako sindikatu independentista. Italiako sindikatu nagusien aldean (CGIL, CISL eta UIL), ordea, CSSren indarra oso mugatua da Sardinian. 3.000 afiliatu inguru ditu, duela 25 urte baino askoz gutxiago (garai hartan Sardiniako hirugarren sindikatu izatera iritsi zen).
LABURPENA:
Ikusi dugunez, anitza da sindikalismo abertzalea edo independentistaren indarra Europako estaturik gabeko nazioetan: sendoa da batzuetan, ahula beste batzuetan, eta ez du presentziarik hainbatetan.
Korsikan eta Euskal Herrian independentismoak badu eragin nabarmena langile-mugimenduan. Aosta Haranean eta Galizian, bertako sindikatu nazionalistak ere hegemonikoak dira. Hego Euskal Herrian, Korsikan eta Aosta Haranean indar handiagoa dute bertako sindikatuek sindikatu estatalek baino. Galizian ez da hori gertatzen, nahiz eta CIG sindikatua lehenengo indarra izan hauteskunde sindikaletan.
Flandrian, Galesen eta Eskozian ez dago maila nazionaleko sindikatu abertzalerik. Eskozian Erresuma Batuko sindikatuen artean badaude independentziaren aldeko kide asko, nahiz eta sindikatu gehienek postura argia ez hartu burujabetzari dagokionez.
Katalunian eta Sardinian sindikalismo independentista egon badago, baina bere eragina langile-mugimenduan oso ahula da. Deigarria da Kataluniako kasua, non amildegi bat dagoen arlo politikoaren eta sindikalaren artean: Kataluniako parlamentuan independentismoaren indarra %55koa den bitartean, hauteskunde sindikaletan Intersindical-CSC sindikatuak %3 inguruko indarra besterik ez du.
Naziogintza Taldeak eskerrak eman nahi dizkie artikulu hau egiteko lagundu diguten gure nazioarteko lagunei: Jordi Martíri (Herrialde Katalanak), Duarte Correari (Galizia), Robin McAlpineri (Eskozia), Alan Sandryri (Gales), Jean-Guy Talamoniri eta Frederic Bagnaninchiri (Korsika), Steven Vergauweni (Flandria), François Stévenini eta Etienne Andrioneri (Aosta Harana) eta Enrico Sannari (Sardinia).