Kontzientzia nazionala sustatu eta autodeterminazio‑eskubidearen aldeko mezua zabaldu. Horiek dira VIA GALEGAren helburu nagusiak, martxoaren 3an, Santiago de Compostelan jendaurrean aurkeztu zen herri‑mugimendu galiziar berriarenak.
Plataforma abertzale hori “Galiziako eskubide nazionalak defendatzeko” jaio da, eta autodeterminazio‑eskubidearen beharra plazaratzeko. Galiziako 40 erakunde subiranistek, tartean Confederación Intersindical Galega (CIG) sindikatu abertzaleak -Galiziako sindikatu nagusiak- bultzatu dute plataforma berriaren sorrera. Sortzaileen artean ez dago inongo alderdi politikorik. VIA GALEGAk ez du ezkutatzen Kataluniako ANCrekiko duen miresmena, baina argi dauka Galiziako ezaugarriak ezin direla Kataluniakoekin alderatu, eta bide propioa egin beharko duela.
VIA GALEGAren iritziz Galiziako arazo sozial larriak (gazteen emigrazioa, langabezia, zerbitzu publikoen murrizketak…) bideratzeko tresnarik egokiena burujabetza da. Galiziak bizi duen “larrialdi nazional”eko egoeraren aurrean egungo marko autonomiko estuak ez du balio, ezta bertako hizkuntza, kultura eta ekonomia aurrera ateratzeko ere. Era berean, Galiziako egoera koloniala salatzen du plataforma abertzale berriak.
Estatu espainiarreko lurralde-krisi sakonak ondorio politikoak ekarriko dituela garbi du erakundeko Francisco Jorquerak, eta Kataluniak eta Hego Euskal Herriak ez ezik, Galiziak ere erne egon beharko duela uste du aukera berrien trena ez galtzeko.
NAZIOGINTZA taldeak ongi etorria ematen dio herri‑mugimendu subiranista berriari, eta bide oparoa izatea opa dio. Batzuek erabiltzen dituzten eufemismoen aurrean, eskertzekoa da VIA GALEGAk erabiltzen duen diskurtso garbia, autodeterminazio‑eskubidea eta naziotasuna konplexurik gabe aipatuz. Galiziar nazioa ere abian da.