NAZIOGINTZA TALDEAREN HIZTEGI POLITIKOA (2. ZATIA)

Publikatu genuen artikuluaren lehenengo zatia, hemen: https://www.naziogintza.eus/naziogintza-taldearen-hiztegi-politikoa-1-zatia/

EUSKARA: Euskal Herriko hizkuntza. Euskaldun egiten gaituena. Irudika daiteke  alemanez ez dakien alemana, gazteleraz ez dakien espainola, frantsesez ez dakien frantziarra? Euskaraz ez dakien euskalduna ere ez.

EUSKALDUN: Euskaraz hitz egiten duena. Euskaraz bizi dena edo bizitzen saiatzen dena, bere jatorria, abizena edo azalaren kolorea dena delakoa izanda ere. Hala ere, euskararen jakite hutsak ez du inor euskaldun egiten, ingeles hizkuntzaren ezagutza hutsak ingeles bihurtzen  ez zaituen  bezalaxe. Nekez jo baitaiteke euskalduntzat euskaraz dakiena baina inoiz hitz egiten ez duena.

EUSKAL KONTZIENTZIA NAZIONALA: Euskal nazioaren partaide sentitu eta egunerokoan horren arabera jokatu.

EUSKARAREN DESPOLITIZAZIOA: Euskaldunen hizkuntza-militantzia  indargabetu nahi dutenek erabiltzen duten kontzeptua. Euskaldunen hizkuntza-mendekotasuna  bilatzen duena, eta euskara “komunikazio-tresna hutsa” izatera murriztu nahi duena, gure hizkuntzari bere balioa sinbolikoa eta identitarioa kenduz.

HIZKUNTZA: Nazioa osatzen duten gizataldeko kideek elkarrekin komunikatzeko duten hitzezko adierazpidea. Naziotasunaren funtsezko elementua. Are gehiago, nazio gutxituetan. Horietan, hizkuntza ez da -inperialistek dioten moduan- komunikazio-tresna hutsa, norbanako identitatea eta identitate kolektiboa bermatzen duen ezinbesteko elementua baizik. Hizkuntza da nazio zapalduek eskura duten baliorik handiena eta armarik eraginkorrena haien asimilazioa saihesteko.

HIZKUNTZA GUTXITUA: Kolonizazio basati baten ondorioz mendeko nazio batean egoera murriztuan edo gutxiengoan  geratu den hizkuntza.

HIZKUNTZA-INPERIALISMOA: Hizkuntza zapaltzaileari eta haren hiztunei, beste nazio bateko hizkuntza zapalduz, boterea eta pribilegioak ematen dizkien hizkuntza-politika, euskaldunok egunero pairatzen duguna.

IDENTITATE: Nazio inperialistek azpiratutako nazioei ukatzen dieten funtsezko lokarri kolektiboa. Menderatzaileen arabera, nazio gutxituen “identitate-diskurtsoa” zitala eta gaiztoa da, arrazismo mota bat, ezabatu behar dena. Ondo baino hobeto dakite horiek Herri bati bere berezko nortasuna deuseztatzen zaionean errazagoa dela bere asimilazioa, nazio inperialista guztien ezkutuko xedea. Berezko hizkuntza eta kultura izateak, bereziki, ematen dio nazio bati bere berariazko identitatea.

Nazio menderatzaileek, hala ere, ez diote euren identitateari inoiz uko egiten.

INPERIALISMO: Nazio batek beste nazio batzuk azpiratzeko eskubidea duela defendatzen duen ideología supremazista.

KOLONIZAZIO: Herri batek, ideia inperialista bati lotuta, beste Herri baten ondasun materialez jabetzea eta tokiko herritarren hizkuntza, kultura eta nortasun kolektiboa desjabetzeko prozesua da, alienazio edo arrozte-prozesu baten bidez. Kolonizazioaren funtsa Herri bat azpiratzea da atzerriko kontrola bere gainean ezarriz. Giza jardueraren arlo guztietara zabaltzen da kolonizazioa: ekonomiara, gizartera, demografiara, kulturara eta politikara.

KOLONIA: Kolonizatuta dagoen Herria, atzerriko estatu baten mende dagoena. Ez du metropolitik milaka kilometrotara zertan egonik, “ur gaziaren” printzipioaren aldekoek defendatzen dutenez (haien arabera, kolonia izateko itsaso batek egon behar du metropoliaren eta koloniaren artean). Erretorikak baino gehiago, oharpen enpiriko batek, egunero ikusten dugunak, hobeto deskribatzen du kolonia baten egoera: “zure Herrian dauden armadak, poliziak eta justizia-sistemak zure hizkuntza hitz egiten ez badute, kolonizatutako Herri batean bizi zara”.

KOLONIZATU: Estatu zapailtzaileak asimilatu duen pertsona. Kontziente edo inkontzienteki zapaltzailearen hizkuntza, kultura, ohiturak eta pentsamoldea bereganatu dituena.

KOLONO: Estatu menderatzailearen asmo  asimilazionisten ezinbesteko tresna (nahi gabekoa, kasu gehienetan), metropolitik zapaldutako nazio batera lekualdatzen dena. Kolonoak dira kolonizazioaren funtsezko elementuak. Kategoria itzulgarria da: gizabanako batek kolono izateari uzten dio harrerako nazioan integratzen denean. .

KULTURA-ANIZTASUN: Kultura eta jatorri ezberdinetako pertsonen bizikidetzaren aldeko jarrera politikoa, Estatu burujabeen hizkuntzak eta kulturak mehatxupean jartzen ez dituena.

Gaur egun mendebaldeko gizarte guztiak dira anitzak eta kulturanitzak. Frantzia eta Espainia anitzak dira, eta horrek ez die ezertan eragiten haien hizkuntzei, ezta nortasunari ere, anitz guztiak integratzen baitira espainiartasunean edo frantsestasunean. Aniztasuna errespetuarekin lotzen da: zuriak-beltzak, bertakoak- etorriberriak, kristauak-musulmanak, feministak, LGBTIQak… denak dira espainiarrak/frantsesak.

Herrialde menderatuetan, aldiz, aniztasun hitza nazio zapaldua oraindik gehiago zapaltzeko erabiltzen da, geure herrian euskaldunok azpimultzo triste bat bihurtzeraino: aniztasunak, euskaldun eta erdaldun, denok espainiar edo frantses egiten gaitu. Aniztasuna dela-eta Euskal Herrian erdaldun izateko eskubidea aldarrikatzen dute. Espainian eta Frantzian, ordea, aniztasunak ez du ematen haien hizkuntza baztertzeko aitzakiarik.

LEGEZKOTASUN: Estatu baten legeen multzoak ezartzen duen bizikidetza-esparrua. Legezkotasuna osatzen duten legeek ez dute beti zertan bidezkoak izanik. Hala, AEBetan esklabutza legezkoa zen, eta Hego Afrikan apartheida.

Azken finean, legea boterea duenak egiten du.

LEGITIMITATE EDO ZILEGITASUN: Lege-markotik harago doan kontzeptua, arrazoi etikoak eta moralak ere aintzakotzat hartzen dituena. Legezkoa den guztia ez da zilegi, eta zilegi den guztia ez da legezkoa. Ekintza batzuen zilegitasuna legea betetzetik harago doa, bereziki ekintza horiek giza eskubideei eta eskubide kolektiboei eragiten  badiete.

NAZIO: Etnia bereko gizabanakoen multzoa, bere nortasunaren kontzientzia politikoa duena. Nazioa ez da estatua, estatua izan nahi duen etnia-komunitatea baizik. Gure nazioa: Euskal Herria.

NAZIOGINTZA: Nazio baten nortasuna indartzeko eta bere herritarren nazio-kontzientzia pizteko abian jartzen diren  politiken multzoa.

NAZIONALISMO: Herri batek nazio izateko eskubidea (aitortza nazionala) eta  munduko beste nazioen maila berean izateko eskubidea dituela defendatzen duen ideologia politikoa. Inperialismoaren aldean, nazionalismoak ez ditu beste nazioak azpiratu nahi, ez baita nagusitasunari edo supremazismoari lotua. Nazionalismoak “izan” nahi du,  inperialismoak, aldiz, “eduki” egin nahi du.

NAZIONALISMO BANALA: Estatuen indar normalizatzaileari lotutako kontzeptua. Nahiz eta esplizituki aldarrikatzeko beharrik ez izan, gizartean eragin handia duen estatu-nazionalismoa da, zalantzan jartzen ez dena. Sinboloetan, kirolean, hizkeran azaltzen da. Adibideak:  Euskal Herrian Zaragozan ekoitzitako produktu bati nazionala esatea; gobernua aipatzean,  Madrilgoa/Pariskoa dela ulertzea; Sevillako bati bertokoa deitzea eta Urruñako bati atzerritarra…..

Banal izenondoak ez dio nazionalismoari garrantzirik kentzen, alderantziz: gure gizartean funtsezko ezaugarria da, hain sakona non sarritan sumatu ere ez baitugu egiten, eta, hala ere, nazionalismo banal horretan blai-blai eginda gaude.

HIZKUNTZA-NORMALTASUNA: Euskal Herrian euskaraz bizitzea, estresik gabe eta hizkuntzari buruz pentsatu gabe, euskara harremanetan automatikoa delako: Alemanian alemaniera bizi den moduan.

OBEDIENTZIA ZIBILA: Estatu zapaltzaileen aurrean otzan obeditzen duenaren jarrera, estatuaren agintaritza onartzen duenarena. Zapaltzaileen legezkotasuna betetzen duenaren jarrera. Gure testuinguru geo-politikoan, suntsipen nazionala bururaino eramateko tresnarik eraginkorrena.

HIZKUNTZA-ORDEZKAPENA: Nazio gutxituetan, berezko hizkuntzaren desagerpenari eta nazio menderatzailearen hizkuntzaren nagusitze-prozesuari deritzo. Kolonizazioaren ondorioa da hizkuntza-ordezkapena. Elebitasuna da hizkuntza-ordezkapenaren tarteko etapa, behin-behinekoa, nazio kolonizatzailearen hizkuntzaren erabateko nagusitasunarekin bukatzen dena.