Karlos Gorrindo
2018-10-12an, ARGIA.
Nazka-nazka eginda naukate nazionalismo hitza entzun eta deabruaren ipurdia aipatzea legetxelako txakurkeriak ahotan dabiltzan politikari eta kazetariek.
Nazio txikiek aldarrikatu ezin duten nazionalismoak, antza, zerikusia ei du pertsonen berezko izate anker eta basati guztien jatorriarekin. Nazio txikiek ezin dute anakronikoa eta demokraziaren kontrako ei diren aldarrikapen identitariorik egin, mendebaldeko demokrazia nazkante sakrosantu honen kontrako erasoa omen delako.
Demokrazia usteldu honi nazio txikien exijentzia naturalak baztergarri eta mesprezagarri zaizkio, eta estatu bilakatutako aberri handien aldarrikapentzat jotzen dute soili-soilik. Eta nazio txikien aldarrikapen identitario edota lurraldekoak demokraziaren kontrakotzat jotzen dute, nazionalista txiki izatea munduko basatikeriarik handiena balitz bezala.
Hipokresian eta interes transnazional ekonomikoetan oinarrituta dagoen mundu honetan, Europak era ankerrean eraiki eta desegindako herrien muga artifizialak sortu zituen herrialde bakoitzaren apetaren arabera, eta haiek egituratutako munduan ez dute lekurik bere burua nazio libretzat aldarrikatu nahi duten nazio txikiek.
Euskaldunok “ni euskal herritarra naiz eta kitto” oihukatzen badugu, nazio bat gara eta egitura juridiko-politiko gurea nahi dugula aldarrikatzen badugu, anakronikoak eta arriskutsuak ei gara. Arrazistak eta supremazistak. Hau da, gure eskubide legitimoa lohitzeko inperioen argudio insultantea, jakina.
Nazio-estatu handi hauek, aldiz, demokrazia eta legea aipatzen dute edozein asmo nazionalista txiki iratotzeko. Nor den nor eta nongoan den nor haiek soilik erabaki dezakete, antza. Eta nazionalismo hitza deitoragarri omen zaienez (nazionalismoa gaitzesgarri zaie nor berenari bestea kontra-jartzen zaionean) demokraziarena erabiltzen dute, legea eta zuzenbide estatua, beraien baitako —ardor guerreroa izkutatzeko.
Nazionalista izateak ez du esan nahi demokraziaren kontrakoa, legearen kontrakoa, zuzenbide estatuaren kontrakoa zarenik. Alderantziz, nazionalista orok nahi du demokrazian, legean eta zuzenbide estatuan bere lurraldea antolatu eta egituratu. Ez inorenean.
Bestalde, ba al da munduan Espainia baino herri nazionalistagorik edota Frantzia jakobinoa baino? “Desde el amor profundo que tengo por España vamos a trabajar y aquí somos todos unos servidores de nuestra patria” esan zuen Espainiako Defentsa ministro Margarita Roblesek kargu hartzean. Edota “Yo soy español, español, español” abesti identitarioek konstituzioa eta legea adierazten dute, baita zera ere!
Nik ez dut pentsamolde unionista dutenekin paktista (Urkullu) izan nahi; abertzaleen arteko adostasun iraunkorra nahi dut (Egibar, Iriarte), eta gure Herria, aberria eta nazioa izateko aukera eta eskubidea izan.