Xabier Arregi
2022-12-3an, BERRIA.
– Vamos a hablar de la violencia.
– No, de la historia de la violencia en la Argentina.
Argentina, 1985.
Batzuendako historia oso motza da eta oroimena hautakorra. Horientzat, gurean indarkeria 1960an hasi zen, hau da, ETA sortu zenean —ezta ETA indarra erabiltzen hasi zenean ere— eta ETAren desegitearekin bukatu zen. Horrela, nabarmentzen dute indarkeria edo ezkutatu egiten dute, euren interesen arabera, eta beti daude gertu eurek egin nahi ez dutena besteei exijitzeko: damua, barkamen eskea, bidaia etiko luzea…
Egin diezaiogun so historiari, egin dezagun memoria. Indalecio Prieto sozialista espainiarra lider zutela, berrogeita hamar euskal herritar inguru hil zituzten bere jarraitzaileek 1934ko iraultzan. 36-37an, sei hilabetean, milizianoek —PSOE, UGT, PCEkoak— mila bat herritar hil zituzten gerrazkoak ez ziren ekintzetan, jelkideek beste aldera begiratuta, baita konplizitatean ere. Indalecio Prietok bere izena daramaten kaleak ditu gurean, tren geltokia ere bai. Zer ote dauka onetik oroitzeko, ardura horiez guztiez gain, emakumeen boto eskubidearen aurka egin zuenak? Euskal feminismoak ez dauka ezer esateko horretaz?
ETA berrogeita hamar urtean ez da iritsi kopuru eta basakeria maila horietara, eta zitala eta mendekatia da etakideek eta euren gertukoek jaso duten zigor erantsia. Hor egon den oinazea ezabatzen da, ez dago ezta euren senideen oinazearen, edo torturaren, oroigarririk. Eta jasanezina zaie bertsolariaren ahots sentibera.
Atzerago jo dezagun, gure bigarren matxinada foruzalera (1872-1876). Gerra hura espainiar estatuaren batasuna ezartzeko gerra izan zen. 1870eko hamarkadan Europan hainbat lekutan —Alemanian, Italian— estatua bateratzeko prozesu bera izan zen, batzuetan baketsua, besteetan odoltsua. Espainiarrek inbasio gerra aukeratu zuten batasun hura ezartzeko, genozidioa bihurtu zena. Horrek ekarri zuen gure foru sistema errepublikazalearen ezabatzea, eta euskal herritarrok espainiar konstituzioaren menpe jartzea; alde ekonomikotik ondasun komunalak eta elizaren jabetzak elite ekonomikoaren eskuetan jarri ziren, herritar xumeak pobretuz; alde moraletik, kulturaletik, ordutik indarrean dagoen jazarpen eredu antieuskalduna, genozida, ezarri zuten. Gerra hartaz hitz egitean 50.000 hildakoren kopurua aipatzen da, 100.000raino ere ematen da, erbesteratuak, atxilotuak, kolonietara sakabanatu eta kartzelaratuak…
Itzul gaitezen 1936-37ra. Hildako mila bat haien artean, militar eta zibil kolpista batzuk kenduta, gehienak herritar xumeak ziren, adinekoak, euskaldunak eta euskaltzaleak ugari, EAJtik gertu zeudenik ere. Kartzeletan sartu eta sarraskia egin; jendea ziegetatik, etxeetatik atera eta kanposantuetako harresien kontran, Donostian Pasealeku Berrian, hil; familia batzuk sarraskitu. Halakoak izan ziren haien ekintza loriatsuak. Ze arrazoi eman dezakete orain oinaze hori ezabatzeko? Hiru bururatzen zaizkit, pasadan aipatuko ditut. Bat izan daiteke denbora; denborak dena ezabatzen ei du; dena? Beste bat izan daiteke testuingurua; gerra testuinguruak balioko luke hilketa burugabe haiek zuritzeko? Hirugarrena xedea izango litzateke, berak bitartekoa justifikatzen ei duelako. XIX. eta XX. mendeetako oinaze-eragile haiek demokraziaren, aurrerabidearen, defentsan ari omen ziren. Demokrazia tiroz defendatzea xede zuritzailea al da?
Egia esan, espainiar sozialistek ez zuten erakutsi garai haietan demokraziarekiko atxikimendu handirik. PSOEk Primo de Riveraren diktadura babestu zuen. Hainbat lider espainiar sozialistak, errepublikazalek, Negrinek, Azañak, adierazi zuten Francorekiko gertutasuna. Nahiago zuten Franco euskal eta kataluniar nazionalistak baino. Francorekin konponduko omen ziren, baina ez euskal edo kataluniar nazionalista gogaikarriekin.
1980ko hamarkada. GAL, tortura eta halakoez gain, ez zaio begiratzen hamarkada horretan Hego Euskal Herrian izan zen gaztezidioari, PSOEko Felipe Gonzalez Espainiako presidente zela. Drogez baliatuta euskal belaunaldi gazte batean heriotza barreiatu zuten. Hitz egin da horretaz, baina ez du ematen interes handirik dagoenik gauzak argitzeko. Tamalezko Ajuria eneako ituna etorri zen, onetik ezer ekarri ez zuena, eta oinazea areagotu zuena. Horren babesean PSOEk eta EAJk, Mugika Herzogek eta Ardanzak, diseinatutako euskal presoen sakabanaketa etorri zen. Ordutik aurrera espainiar demokraziak etakideei ezarri dien kartzela politika frankismoarena baino ankerragoa izan da. Ez dut uste Francoren garaian inor egon zenik kartzelan hainbat euskal preso beste urte, ez ezarri zaizkien baldintza ankerretan, ez euren senideek jasan duten baldintza negargarrietan.
Baina oroimenaren profesionalentzat eta euren nagusi politikoentzat, bakarrik ETA sortu zenetik eragin den oinazeak, eta ez guztiak, merezi du historian lekua eta oroitzapena. Oroitzapen ekitaldietan, kaleetan, plaketan, monumentuetan, ematen du ez dagoela gurean espainiar demokraziak eragin duen oinazerik, ezta frankismoaren biktimarik, ezta 36-39ko gerran ez kolpisten ez espainiar sozialisten biktimarik, torturarenik, ezta XIX. mendean Espainiaren Batasun Zatiezina ezartzearen aurkako matxinada foruzaleetan hildakorik, ez erbesteraturik.
Ipar Irlandan, bake akordioa sinatu, eta bost urtera ez zen IRAko presorik kartzeletan, militanteek herritarren aitortza dute, eta aurrera begiratu dute. Hemen ematen du ez duela amaierarik oroitzapen hautakorraren lanak, eta beti Espainiak eragin duen oinazea zuritzen da, eta euskaldunon izenean egin dena deitoratzen: terroristak, karlista artaburuak…