Mikel Urkola Eleizegi
2016-09-1ean, NAIZ
Podemosen nazionalismoa kontraesanez beterik dago. Gaztelerrietako alderdiek diotenez, euskal identitate nazionala ez da gai soziala; metafisikoa ere ez da. Beraz, teologikoa, sinismen gaia ote?
Eurek diotenez, arazo sozialez bakarrik jardun behar omen dute, ez, ordea, nazio identitate arazoez. Baina nondik eta nora nazio identitatea ez da arazo soziala, iturri sozialetatik sortu eta sozialki mamitzen dena? Hizkuntza eta hezkuntza nazionalak, ekonomia eta osasuna nazionalak ez al dira gai sozialak? Areago oraindik, psikosoziologiak garbi baino garbiago utzi du identitate pertsonala identitate sozialarekin batera eraikitzen dela: dialektikoki, harreman batean, bata besteari lotuta, elkarri eraginez, bataren eta bestearen mugak bereizteko zailtasun handian.
Euskal naziotasunaz ez omen dute hitz egingo, baina Gaztelerriko nazionalismo inperialista eurenganatu bai? Naziotasunaz arduratzen ez badira, zergatik ez dira Gaztelerriko nazioaz ahazten eta ez dute beren jardueraren zentroa Parisen, Londresen edo Marokon kokatzen? Zergatik Madrilen, Gaztelerrian? Edo erdigunea zergatik ez Bartzelonan ipini, euskaldunoi askoz gatazka gutxiago ekarri eta konponbideak asko erraztuko bailitzaizkiguke?
Baina Espainia plurinazionala nahi omen dute. Nola ordea, euskal nazioa ukatu eta horretaz hitz egiteari debekua jartzen badiote? Nola izan daitezke plurinazionalak euskal nazioa, Kataluniakoa eta Gaztelerrikoa baieztatu gabe? Plurinazionalak omen dira, baina alderdiaren barne antolamenduan, ia hiru urte pasatu eta gero, erregionalismo hutsari eutsiz ari dira, Gaztelerriko beste alderdiak bezala. Berdin-berdin. Ez dugu inondik ere ikusten Podemos Euskadi euskal naziotasuna defendatzen dabilenik. Lander Martinezek adibidez (GARA 1-4-2016), «conflictos territoriales» aipatzen du. Beraz, Estatuko nazioen artean gatazkarik ez dago.
Gaztelerriek inperialismoa hezurretaraino sartua dute eta ez daude inola ere prest penintsulako nazioetako bat besterik ez direla errekonozitzeko. Eurek Espainiako estatua deitzen dutena Gaztelerrien Estatua da, inbasio eta konkista militarretatik sortua. Espainiako Estatua plurinazional gisan antolatzeak Gaztelerriko nazioa eratzea ere suposatzen du. Gaztelerritarrek, ordea, Espainia eta Gaztela nazio bakar bezala sentitzen dute. Ez dute ikusten Gaztelerriko nazioa Espainiako nazioen artean bat besterik ez dela.
Gaztelerritarrek Penintsulako beste nazio guztiak onartzea euskaldunok eta kataluniarrek geure estatu propioa sortzea baino zailagoa da. Hobeto esateko. Bakar-bakarrik guk independentzia lortu eta gero onartuko dute bere nazio-estatuak Gaztelerrikoak direla, ez Espainia osokoak.
Gaztelerrikoek badute bere estatua, Espainiakoa deitzen diotena. Nazioa ere badute, halaber Espainia deitzen diotena. Nork amestu du Gaztelerriek euren estatuaren subiranotasuna euskaldunokin konpartituko dutela? Edota Gaztelerriko inperialistek beren nazio-estatuko subiranotasuna galtzeko prest egongo direla euskaldunokin kosubiranotasunean elkartzeko, bake santuaren izenean? Ameskeria halakorik!
Gaztelerrien Espainia Gaztela handi bat besterik ez da. Hori guztia konkistaren efektua da. Iglesiasek eta Monederok, Otegiri erantzun ziotenean, garbi utzi zuten beraien konkistatzaile sena, Espainia hautsi ezin dela esanez. Podemos Gaztelerrikoen nazioa eratzen hasiko balitz –bakar-bakarrik Gaztelerrikoena litzatekeena alegia–, gaztelerritarrek muzin egingo liokete eta hurrengo hauteskundeetan galera handiak izango lituzke. Gaztelerrietan dagoen nazionalismo bakarra gaurko inperio osoaren mugak biltzen dituena da. Hori da PPk, PSOEk, Podemosek eta C’s-ek lehen-lehenik konpartitzen duten helburua.
Hara, duela gutxi, EiTBren arabera (4-8-2016), PPko bozeramaileak esandakoak: «El secesionismo es el problema más importante de España». Bestela esanda: el imperialismo es el objetibo más importante de Castellania. Hori da Gaztelerriko alderdi guztiek konpartitzen duten lehen helburua: inperialismoa. Kataluniako nazionalismoak euskaldunoi ez digu erasorik egiten, ez bere hizkuntza inposatzen, ezta euren mende egotea agintzen ere, ez geure nazioarekiko erabakiak beraiek hartu behar dituztela derrigortzen. Hori guztia inposatzen diguna Gaztelerriko nazionalismo inperialista da.
Hala ere, Podemos Euskadik ez dio Kataluniako nazionalismoaren ereduari jarraitu nahi, nahiz eta Kataluniako nazionalismoaren eredua Gaztelerrietakoa baino mila aldiz justuagoa, baketsuagoa eta demokratagoa izan. Aldiz, Gaztelerriko nazionalismo inperialistaren sukurtsala izan nahi du. Gaztelerriko nazioa da, ez Kataluniakoa, euskal Estatutua betetzea eragotzi duena. Estatuko krimen galanta! Baina hau estatu krimena denik ez du inork salatu nahi. Hala ere, Podemosek horietaz hitz egiteari uko egiten dio, gai sozialak ez direlakoan. Podemoseko Iglesias liderra bera patriota zela aitortzen ikusi nuen telebistan. Berak badu abertzale izateko eskubidea; baina euskaldunok ez dugu ez abertzale izateko, ez nazioa osatzeko, ez estatua eraikitzeko eskubiderik, guretzat ez baitira gai sozialak.
Eta Podemoseko guztiak ados, guk Gaztelerriko inperialismoari men egiteko obligaziopean egon behar dugula; denak ados: PP-PSOE-Podemos-C’s-IU. Ez ditugu «naziotik naziorako» erlazioak aztertu behar. Bakar-bakarrik hiritar-Estatua arteko erlazioak. Baina, Estatu hori nongoa den galdetu gabe: ez zerutik jaitsitako estatu sakratu bat den, ezta estatu abstraktu eta metafisiko bat ote den ere, ez Txinakoa, Kataluniakoa edo Gaztelerrikoa den, ez inongoa ez litzatekeen estatu unibertsal batekoa den, eta estatu hori gure geurea, euskalduna, Euskal Herriak sortutakoa ote den ere ez. Ezin da eztabaidatu.
Ez da gai soziala. Madrileko estatu-nazioak ere sakratuak dira, ez dira lur honetakoak eta ezin da bere sortzeaz hitz egin. Beraz, Madrileko estatu-nazioak teologikoak dira. Podemosek dixit/inperioak dixit.