POLITIKARI MAITATUEZ ETA GORROTATUEZ

Argazkia: Europa Press

Herrien arteko maitasun eta gorrotozko harremanak haien mugetatik kanpo pertsonaia politiko jakin batzuek berenganatu ohi dituzten miresmen edo arbuioan islatzen dira. Esaterako, Vladimir Putin presidentea begirunez ikusten dute Bielorrusian, Errusiaren Herriaren laguna eta aliatua baita. Ukrainian, aldiz, euren independentzia nazionalarekin bukatu nahi duen Errusiako inperialismo sekularra ordezkatzen du. Harremana Herri kolonizatzaileen eta Herri kolonizatuen artekoa denean, elkarrekiko eta bi norabideko gorroto-sentimendua gailentzen da: Herri kolonizatzaileak bere nagusitasun politikoari aurre egiten dioten pertsonaiak gorroto ditu, eta Herri kolonizatuak berdin egiten du kolonizatzailearen zapalkuntza ordezkatzen dutenekin.

Garai batean, euskal gizabanako batzuk espainiarrek gehien gorrotatzen zituztenen ranking edo sailkapenean zeuden. Euskal Herriak asimilazio nazionalaren aurka gogor borrokatzen zuen garaiak ziren haiek. Xabier Arzallus, adibidez, espainiar tertuliakideen mamu beltza izan zen XX. mendeko 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. Bere praxis politikoa abertzalea ez izan arren (gogoratu Arzallus izan zela PSOE-PSErekin egindako itunen bultzatzaile nagusia, 1980ko hamarkadan), Aberri Eguneko edo EAJko Alderdi Eguneko hitzaldi sutsuetan botatzen zituen aldarrikapen abertzaleak gogor kritikatzen zituzten Madrilen (kritika horiek are garratzagoak izan ziren Lizarra-Garazi itunaren ostean, Arzallusek jarrera independentista argiagoak bereganatu zituenean). Donostiako gotzaina, J. M. Setien Alberro, espainiarren beste jomuga bat izan zen urte haietan. Euskal eliza, orokorrean, eta Setien, bereziki, espainiarrek gehien gorrotatzen zituzten pertsonaien edo erakundeen ranking-ean lehenengo tokietan zeuden. Gaizkiaren pertsonifikazioa ziren.

XXI. mendeko lehenengo urteetan espainiar inperialismoarentzat eta bere akolitoentzat piztia berri bat azaleratu zen: Arnaldo Otegi. Ezker abertzaleko buruzagia izan zen urte luzeetan, zalantza barik, Madrilek gehien deabrutu zuen politikaria. Eta hori garesti ordaindu zuen, espetxea behin baino gehiagotan zapalduz. Espainiar kolonizazioari aurre egin eta euskal independentzia nazionalaren alde lan egiteak, iberiar demokrazia kaskarraren muga estuak gainditzen zituen, antza. ETAri bere erabateko desagerpena proposatu eta lortu arren.

Gauzak 2012tik aurrera hasi ziren aldatzen; hain zuzen, askapen nazionalaren ardatza Euskal Herritik Kataluniara lekualdatu zenean. Lehenengo aldiz 30 urtetan, pertsona gorrotatuen espainiar sailkapena Kataluniarantz biratu zen. Egiari zor, bazeuden lehenago ere Espainian begirune handia pizten ez zuten Kataluniako pertsonaia batzuk (esate baterako, Jordi Pujol Kataluniako presidente autonomista, lelo honekin iraintzen zutena: “Pujol, enano, habla castellano”). Baina Kataluniako “procésa” abian jarri zenetik, Artur Mas, Carles Puigdemont edo Joaquim Torra gizakume zital eta madarikatu bihurtu ziren, gaztelaniazko edozein hiztegitan aurki daitezkeen epiteto garratzenak merezi zituztenak. Beste behin ere, espainiar inperialismoak berari aurre egiten ausartzen zirenak errukirik gabe jorratzen zituen.

Oso sintomatikoa da egiaztatzea, gure nazio-pultsuaren galerarekin, garai bateko euskal politikari gorrotatuenak, orain ondo ikusita daudela Madrilen. Izan ere, ez dira gutxi Arnaldo Otegi, bereziki, eta EH BILDU, orokorrean, begiko dituzten ezkertiar espainiarrak. Aitzitik, gizabanako gorrotatuenen ranking edo sailkapenaren buruak, Carles Puigdemontek, ezinikusi orokorra du espainiar eskuin zein ezkerreko jarraitzaileen aldetik. Arrazoia sinplea da: Carles Puigdemont izan da, eta ez Arnaldo Otegi, egitasmo supremazista espainiarrari erasorik zuzenena egin diona, Espainiako batasun sakrosantua kinka larrian jarri duena. Eta Puigdemontek ordezkatzen duen egitasmo politikoa da (eta ez otzandu den ezker abertzalearena) betiko inperialismo espainiarra zuzenean mehatxatzen duena.

Gauzak horrela, inor harritzen al du espainiarrek gehien gorrotatzen duten pertsona orain Carles Puigdemont izateak?