PP-PSOE-KOAK: FALANGISMO OSTEKO ARRAZISTAK

MIKEL URKOLA ELEIZEGI

  1. Falangismo ostea. “Trantsizio demokratiko” esapidea behin eta berriz aipatzen da hemen eta horren inguruan zera esan nahi dut: 1978an Espainiako Estatuan ezarri zena ez zela trantsizio demokratikoa izan, baizik eta falangismoaren trantsizioa. Erregerengandik hasita, gogoratu behar dugu Frankok aukeratutakoa izan zela, haren aita zokoratuz. Alianza Popular alderdian falangista ohiak gelditu ziren, tartean nagusiak ziren Fraga eta Suárez. PSOEn, beste hainbeste gertatu zen: PSOE alderdian buru zen Felipe González falangista-ohia, Tierno Galván (PSOEko lider zaharra) partidutik kanporatu ondoren, eta bere lagun falangista-ohiak partiduaren jabe eginda gelditu ziren. Falangista horiek haustura demokratikoa baino gehiago, falangismoaren trantsizioa edo falangismoaren jarraipena antolatu zuten. Eta hori da azken 40 urteotan hainbestek eta hainbestek salatu izan dutena: 1978ko Espainiako Estatuan ez zela benetako haustura demokratikorik gertatu (Portugalen, Grezian, Alemanian, Italian, Jugoslavian eta estatu baltikoetan bezala) baizik eta falangismo osteko politikarien sisterma-inposaketa.
  2. Arrazismoa Foucaulten pentsamenduan. (Genealogía del racismo. De la guerra de las razas al racismo de Estado. La Piqueta, Madrid, 1992). Foucaultentzat “arraza” hitza ez da gure artean ohikoa dena; ez da berehala eta ezinbestez esangura biologiko iraunkor bati lotutako hitza. Bi arraza daudela esaten da jatorri berbera ez duten bi giza-talderen historia egiten denean, ez hizkuntza berbera ez eta erlijio bertsua dutenak izaki; soilik gerren, inbasioen, konkisten, borroken, garaipenen eta porroten jazarpenen bidez batasun derrigortua lortu dutenak izan ohi dira; osotasuna eta elkarbizitza politikoa bortxaz lortu duten bi giza talde alegia (Foucault 85-86 or.). Hala, botere-erlazioaren analisi politikoa, gizarte baten barruan gertatzen diren bi arrazen arteko gerra-erlazio gisa ulertzen da (Foucault 96 or.); eta ideia hori jarraituz, gizarte barruko aurkakotasun handien erlazioak arraza batzuek beste batzuen gainean historian zehar hartu dituzten konkista eta mendekotasun formetan kodifikatzen ditu Foucaultek (Foucault 111 or.).
  3. Zer da arrazismoa? Bizi behar duenaren eta hil behar duenaren arteko banaketa zorrotza; arraza onen eta txarren arteko sailkapen zurruna; arraza gorenen eta zarpailen eta azpikoen arteko banaketa (maila gorenekoak eta azpikoak) eta abar. Horrela populazioa osatzen duten giza taldeen artean desoreka sortzen da; gizartea giza taldetan eta azpitaldetan banatzen da eta, horren eraginez, arrazak eratzen dira gizarte baten barruan. Bestearen heriotzak, arraza zarpail, txar edo behekoaren heriotzak (edo anormalenak, edo degeneratuenak) egingo du gizartearen bizitza osasuntsuago eta gardenagoa (Foucault 264. or.). Arrazismoa, lehenik eta behin kolonizazioarekin garatu zen (Foucault 266. or.).
  4. Foucaulten eredua vs. PP-PSOEren arrazismoa Gaztelerrian. Estatu batek mendean hartuta dauzkan bi herriren edo gehiagoren artean izaten diren harremanak analizatzeko, Foucaultek, eredu bat proposatzen du, “sistemikoa” dei dezakeguna. Sistema sozial edo politiko batek azpisistema anitz izaten ditu; eta sistema osoa aztertzeko, bere azpisistema guztiak aztertzea proposatzen du, bai herri baten azpisistemak eta baita bestearenak ere. Horrela, herri baten azpisistema instituzionalak, beste herriaren azpisistema instituzionalekin alderatuz, atal denetan azalduko da herri batek bestea mendean hartuta daukala. Hori garbi gelditzen da Gaztelerrien nazioaren eta euskal edo kataluniar nazioen arteko erlazioak elkarrekiko alderatuz gero. Bien artean, ez dago eskubide-berdintasunik. Batak Estatua izateko eskubidea du, Espainiako Estatua, alegia, baina Kataluniari berea edukitzeko ahaleginak egitea debekatu egiten zaio. Berdin Euskal Herriari ere. Nazio bezala ez gaude onartuta. Gaztelerriek eta beren Estatuak, Espainiakoak, debekatu egiten dio Euskal Herriari, autonomiaz harago, instituzio konfederalak edo independenteak izatea. Gaztelerriak badu bere gudarostea, bere armada, “espainola” deitzen diotena; baina Kataluniak eta Euskal Herriak ez. Espainiako Estatuaren erregea ere gaztelarra da, ez halabeharrez, guda bidez baizik. Estatu horren polizia beste herriaren poliziaren gainetik dago; Estatu horren tribunalak, haren auzitegiak eta parlamentua, beste herrien tribunal, auzitegi eta parlamentuen gainetik dago, eta abar. Eta gauza bera gertatzen da hezkuntza, hizkuntza eta kultur azpisistemen kasuetan. Gaztelerritarrek euskaldunok haien hizkuntza ikastera behartzen gaituzte, baina guk, euskaldunok, ezin ditugu geure herriko herritarrak euskara ikastera behartu. Emaitza berberak ikusten ditugu ekonomiaren azpisisteman edo azpisistema sozialak elkarrekin alderatuz gero; edo poliziaren egoera aztertzen dugunean ere. Izatez, gaztelerritarren polizia guztiak (nik hor euskaldunik ez dut inor ezagutu) Euskal Herrian eta Katalunian jardunean ari daitezke; baina gure polizia edo Ertzaintza ezin daiteke Gaztelerrietan jardunean aritu. Emaitza beti bat eta bera da: herri batek bestea mendean azpiratuta duela erakundeei dagokienean eta, gainera, legeztatuta. Menderatzaileak ez du, inola ere, herrien arteko berdintasunik nahi; hau da, ez du Herrien Autodeterminaziorik nahi, zeinaren arabera herri guztiek eskubide berdinak dituzten (politikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak, linguistikoak), hots, beren estatusari buruzko erabakiak hartzeko ahalmena alegia.
  5. Euskal Herriak Gaztelerriaren mende egon behar omen du. Horixe aditzera ematera etorri da Mendia anderea, PSEko (EAEko PSOEko) burua (BERRIA, 2017/09/08): “PSEk ez du babestuko legez kanpoko estatutu-proiekturik”. Baina zer dira legeak, haien boterea behin betikotzeko jartzen diren arauak baino? Hau da, lehen-lehenik ezberdintasuna eta hierarkiak finkatzen dituzten arrazismoaren legeak jartzen dira eta, ondoren, guk bete behar ditugu, nahiz eta lege horiek antieuskaldun erradikalak eta lege naturalen aurkakoak izan. Gaztelerriko arrazistek ez dute NBEko legeria juridikoa bete nahi, Herrien Autodeterminazioko legea alegia. Ez dute bete nahi izan, eta are gehiago, ezta beren mendeko Gernikako Estatutuaren legea ere. Halere, PP-PSOEk nazioarteko legeak inondik inora bete nahi ez badituzte ere, politikari ziniko hauek, mendekotasunaren eta arrazismoaren legeak betetzeko agintzen digute. Eta horri “unionismo” deitzen diote. Foucaultek, ordea, nazio eskubideen ezberdintasunari “Estatuaren arrazismoa” deitzen dio.
  6. Armarik gabeko guda eta negoziazioa. Bi herrien arteko harremanetan, horrenbesteko desberdintasuna dagoenean, Foucaultek dioenez, ez dago benetako bakerik, guda instituzionala baizik, jatorrizko guda eta konkistaren jarraipen instituzionala baizik, armarik gabeko guda; beste bitarteko batzuek erabiliz mamitzen den guda (Clausewitz). Guk daukaguna zera da: Gaztelerriak 1200 eta 1512/1524 urteen artean Nafarroako estatuaren eta Euskal Herriaren aurka gauzatu zuen konkistaren jarraipena. Gaztelerritarrek ez dute bete nahi Nazio Batuek, 1966an konkistaren legea ezabatu ondoren ezarri zuten arau juridikoa: Herrien Autodeterminazioa. Arrazismoak itsututa daude eta konkistaren legearekin jarraitzea nahiago dute. NBEk erabaki zuenez, Herri guztiek dituzten eskubideak berdin-berdinak dira, ezin dira birnegoziatu. Herrien eskubideen berdintasuna birnegoziatzea, munduan esklabotza debekatuz geroztik, esklabo-egile batek bere esklaboari esklabotza birnegoziatzeko exijitzea bezala da. Gaztelerriko Estatuak ezin digu exijitu Herrien Autodeterminazioa eta NBEk juridikoki zehaztu dituzten bizirauteko herri-eskubideak negoziatzea. Baina ez al da hori, hain zuzen, gaztelerritarrek eta EAJk birnegoziatu nahi dutena?; hau da, Hego Euskal Herriaren mendekotasunaren jarraipena beste 40 urterako?