Pako Sudupe
2021-2-12an, BERRIA.
Plazaratu zuen azken artikuluan (Egin, 1981-02-12, gaurko egunez duela 40 urte), azken nahiaren erakusgarri, gure aberriaren lehenbiziko oinarri gisa lurraldetasuna aipatu zigun Telesforo Monzonek:
“Beti ohitu behar dugu Euskal Herria oso osorik ikusten. Euskal Herria aipatzen dugularik, osorik ikusten ez baldin badugu oker handi bat dugu honetan. Gurez etorri behar zaigu osorik ikustea. Euskal Herria, gaur, Adurren hasi eta Ebroraino doa. […]
Hegoaldeari begira gauza bera esango nuke. Hau nire iritzia da, baina nik ez nuke sekulan ere onartuko politikazko irtenbide bat Hego Euskadirentzat Nafarroa ez baldin badago barne”.
Bost urte pasatxo ziren Franco diktadorea ohean, ohore guztiekin eta politikaren bridak ondo lotuta hila zela. Gerra irabazi zuten militar matxinatuek Errepublikak ordezkatzen zituen balio demokratikoen aurka finkatu zituzten ordena berriko zutabeak, eta Franco buruzagia hilda ere, atxiki zituzten: monarkia, Espainiaren batasun zatiezina autodeterminazio eskubiderik gabe, gaztelaniaren derrigortasuna, TOPen oinordeko Auzitegi Nazionala…Mugimenduan gidari izandako Suarezek gidatu zuen trantsizioa, bereziki PSOEren eta gainerako ezkerreko indarrek amore eman zutelako.
Dakizuenez, Espainiako 1978ko Konstituzioa, ez EAEn, bai Espainian onartua izan zen, eta Nafarroako indar frankistek eta PSOEren aldaketa itzelak ahalbidetu zuten Nafarroa EAEtik kanpo gelditzea.
Horren aurka, Herri Batasunak eta erakunde armatuak estrategia politiko-militarra eraikia zuten euskal estatu independentea sortzeko, eta Telesforo Monzon itxaropentsu hil zen, eta ukaezina da hegoaldera itzulirik, azken lau urteetan dena eman zuela bere aldetik, amets hori egia bihur zedin.
Abertzaleon gogoan jarraitzen du Euskal Herriaren ikuspegi osotasunak, baina estrategia politiko-militarrak porrot eginik, praktikan, politikoki hiru subjektu politiko garelakoak onarpena du gizartean. EAE eta Nafarroako Foru Erkidegoaren arteko arrakalagatik asko sufrituko zuen Telesforok. Eta sufrimendua ez zion gozatuko abertzaleak Madrilen negoziatzen ikusteak. Errepublika garaian ezagutu zuen berak parlamentu espainiarra, eta gogoan iltzatua gelditu zitzaion han esaten zutela: «Espainiarra bazara, joka ezazu espainiar moduan; eta, ez bazara, zer egiten duzu hemen?». Denok bezala, egokitu beharra ere izango zuen, baina zenbat kostatuko zitzaion!
Bigarren oinarri gisa, Euskal Herrian bizi diren biztanleen osotasuna aipatu zigun. Euskal gizartea bitan zatitua zegoela esatea —bertakoak eta kanpotik etorriak— tranpa bat zela zioen; gu zatitzeko inperialistek erabilia. Baieztapen hori adibideekin argitzeko, egia esan, aspaldiko kontuak gogorarazten zizkigun:
“Euskal Herriko nagusiek, oligarkek, bai Sabino Aranaren denboretan eta gerotxoago, eta gero ere lanerako esku merkea behar zuten eta han-hemenka bilatu zuten. Horra hor nolako jendetza multzo izugarria etorri zitzaigun Euskal Herrira. Jauntxoen politika hau begi onez ikusi zuen Estatuak ere, politika ona zela iruditu baitzitzaion. Honela, oligarkei lagunduz batera bertako hizkuntza eta kultura zapaldu eta ito. […]
Baina dena gaizki atera zaie. Kanpotik etorritako horien haurrak, horien seme-alabek […] Euskal Herria sentitu dute, eta gaur, urte batzuk pasatu ondoren, kanpotik etorritako horiek Euskal Herriari laguntza izugarria eman diote. Horretarako ikustea baino ez dago 36garren guda denborako gure gudarien arteko zerrendetan agertzen diren kanpotarren abizen piloa”.
Aspalditxoko adibideak dira. Telesforo Monzon hil ondoan, kanpotiko beste migratzaile batzuen etorrerak ere izan ditugu eta euskal mintzairan eta kulturan integratzeko eskumen eta baliabiderik aski ez izaki, duela berrogei urte bezalatsu, jarraitzen dugu euskaldunok gutxiengoan geure herrian.
Hirugarren eta azken oinarri gisa, euskararen balio integratzailea aipatu zigun:
“Biharko Euskal Herria euskalduntzen ez badugu, (.) esan dezakegu hori ez dela Euskal Herria. Euskal Herriari lokarri bat eman behar diogu. Zein lokarri emango diogu? Arraza? Denok dakigu gure geroko Euskal Herriari ezin diogula arraza eman. Erlijioa? Honetaz ere denok dakigu Euskal Herrian badirela erlijio gabekoak, beraz ezin diogu eman. Dantzak eta ohiturak? Beno, honekin ere kontsola gaitezke, baina sasi-folklorezko Euskal Herri bat egingo dugu eta hori ez da nahiko. Beraz, benetako Herri bat sortu nahi baldin badugu eta bere buruaren jabe izan nahi baldin badu oinarri nagusi bat behar dugu eta oinarri hau Euskara da”
Alde horretatik, zer esango ote zuen, Ertzaintzaren lehen burua izan zenak egungo ertzainen euskara mailaren berri izan balu? Jakingo duzue Monzonek baldintza ezinbesteko gisa ezarri zuela ertzain izateko euskalduna izatea. Zer jokabide izango ote zuen ertzainekin gaztelaniaz egin beharra suertatuz gero, edota Osakidetzan edo Lakuan… edota ikusi balu, bera hil eta laster sortutako EiTBn aurrekontu gehiena erdal kateak eramaten duela eta maizenik espainiartasunaren eskola dela, erreferentzia espainiarrez mukuru.
Telesforo hil zenetik berrogei urtera, autonomismoa eta erdaltzaletasuna daude boladan. Euskara hegemoniko bilakatzeko xedea eta euskal abertzaleen batasuna tabu ditugu, bereziki PNV-PSEren Eusko Jaurlaritzaren erabakiz eta aginduz.
Zenbat dugun eginkizun oroitarazteko balio dezake Telesforo Monzonen borroka abertzalearen berri izateak, martxoaren 9an, utzi gintuela berrogei urte beteko direnean!