Jesus Perez de Viñaspre
2024-02-25ean, BERRIA.
Partido Castellano-Tierra Comunera alderdiak Trebiñuko auziari buruz duen jarrera oso argia da: «Trebiñuko konderria ez da trebiñuarrena. Trebiñuko konderria Gaztelarena da. Eta Gaztela-Leongo Erkidegoko gaztelar guztiok ere, aho batez, ezin izango genituzke zortzi mendeko historia eta kultura erabat gaztelaniazkoa aldatu. Lurraldea ez da gurea. Gure arbasoengandik jaso dugu, eta gure ondorengoei utzi behar diegu, zuzenduta eta handituta, inoiz ez murriztuta. Gaztelarrok ezin diogu Trebiñuko lurraldeari uko egin, ezta egin nahiko bagenu ere. Ez da lurralde-gatazka irrazional bat, Ebro ibaiaren inguruan Perejil uharte moduko bat. Argi eta garbi hitz eginez, gure lurrarekiko dugun konpromisoa baliaraztea da kontua».
Esandako guztitik gaztelarren jarrera oinarritzen duten bi gauza garrantzitsu ondorioztatzen dira: lurraldea da nagusi; bertako biztanleen borondatea, ordea, erabat baztergarria. Eta jarrera irmo hori PPk eta PSOEk partekatzen dute, nahiz eta Partido Castellanok bezain modu lotsagabean ez esan. Ziur naiz Trebiñuko lehen kondea, Diego Manrique de Lara (1409-1458), iritzi berekoa izango zela.
Nolanahi ere, hori izan da, betidanik, konkistatzaileek jarduteko eta jokatzeko modua. Ekialdean, oso ezaguna da Khanek bere semeari gobernu onaren arteaz ematen dion aholkuaren kondaira: «Zure erregealdian lur puska bat gehitzen badiozu zure lurraldeari, Khan handi bat izango zara. Ez baduzu hazbete bat gehitu edo galtzen, Khan kaskarra izango zara, baina, tira, onargarria. Baina hazbete bat lur galtzen baduzu, bat besterik ez bada ere, jendeak madarikatuko zaitu eta Khan txarra izango zara. Beraz, babestu zure lurra zure eskuin eskua bezala». Khanerrien garaitik denbora asko igaro da, gizarteek eboluzionatu egin dute eta arazo politikoetan gizakia oso kontuan hartzen da. Baina, zoritxarrez, badirudi hori ez dela horrela izan Trebiñuko auziari dagokionez.
Jakina denez, barrendegiko bi udalerriek, Trebiñuk eta Argantzonek, Arabako zortzigarren kuadrilla izan nahi dute. Ez dute ezer Burgosen aurka, ez Gaztelaren aurka, ezta bertako biztanleen aurka ere, baina haien lotura nagusia Araba da, eta, ondorioz, Arabarekin politikoki integratu nahi dute. 1998ko martxoaren 8an auziari buruzko kontsulta bat egin zen barrendegian, orduko alkateek bultzatuta. Kontsultaren xedea herritarrek erreferendumik egin nahi zuten ala ez jakitea izan zen. %76ko parte-hartzearekin, %68k erreferenduma egitearen alde bozkatu zuen, %31k aurka. Gaztela eta Leongo agintariek ez zuten kontsulta ontzat eman.
Blokeo-egoera honen aurrean, Burgosko eta Arabako Foru Aldundien arteko hitzarmen-sistema bat sortu da, azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko. Baina hitzarmen-sistema hori irtenbide iragankorra da, eta baztertuta uzten du bi udalek betidanik Araban integratzeko egiten duten bidezko aldarrikapena.
Lehen, «konstituzionalista» espainiarrek zioten Trebiñun erreferendum bat egiteak ETAri arrazoia ematea esan nahi zuela. ETA desagertu zenetik, euskal diskurtso subiranista baketsua da, modernitatean errotua, baina bere aldarrikapen nazionalak (Trebiñun erreferendum legal bat egitearena, besteak beste) Espainiako demokraziaren aurkako erronka edo mehatxu gisa ulertu ohi dira. Eta estatu-nazionalismoaren erantzuna beti bera da: dogma errepikatuak mantra gisa, XX. mendearen amaieran zizelkatuak. Haien artean, erabiliena indarrean dagoen legeriaren defentsa zorrotza da, sarritan legearen inperioa (rule of law) eta legearen bidezko inperioa (rule by law) nahasten dituena, eta, bestalde, demokraziaren ikuskera erabat legalista baldintzatzen duena.
Ikus daitekeenez, demokrazia eta zuzenbide-estatua nahasten dira. Demokrazia ez da soilik arauak betetzea, autogobernu kolektiboaren ideal bat ere bada, zeinaren arabera erabaki politikoak herritarren lehentasunetan oinarritu beharko liratekeen. Trebiñuko auziak tentsioa eragiten du legezkotasun-printzipioaren eta printzipio demokratikoaren artean. Europan, lurralde- edo estatu-gatazkak sortzen direnean, bi printzipioen arteko konpromisoa lortzen saiatzen dira; Espainian, berriz, legezkotasun-printzipioa erabat nagusitzen da.
Azken gogoeta. Trebiñuko auzia ez da trebiñarrei soilik dagokien arazoa, arabarrei ere eragiten die eta, hedaduraz, baita Euskal Herri osoari ere. Badirudi orain Espainian beste garai politiko bat irekitzen ari dela… Trebiñuko auzia legezko erreferendum baten bidez konpontzea euskal alderdi politikoek estatuko gobernuaren fidagarritasuna testatzeko duten froga-harri ona litzateke.
Bada garaia. Trebiñuk erabaki dezala!