TXILLARDEGIREN BORROKA ABERTZALEA

Argazkia: ZUZEU

Jose Inazio Lopez de Luzuriaga Fernandez-en iruzkina

Liburua: “Txillardegiren borroka abertzalea”

Egilea: Pako Sudupe

Elkar Argitaletxeak argitaratuta, Donostia, 2016.

Pako Sudupek Txillardegik berak idatziriko hainbat liburu, artikulu eta pasarte aipatzen dizkigu haren ibilbide politiko eta kulturala ezagutzera emateko. Idatzi horiek berauek ere Txillardegiren garapen pertsonal, kultural eta politikoaren isla dira: 1960ko eta 1970eko hamarkadetako idatzi politikoak dira gehienak; idatzi horietan argi eta garbi ikusten da Txillardegiren bilakaera ideologikoa, intelektuala eta euskararen ingurukoa. Poliglota zen eta hainbat hizkuntzatan idazten zuen orduan; aldiz, bere bizitzaren azken urteetan ez zuen onartzen euskaraz ez zen elkarrizketarik edo parte-hartze politikorik. Liburuan euskaldunon historiaren aipamenak eta kritikak irakur ditzakegu, XIX. mendeko karlismoa, euskal nazionalismoa, Eusko Alderdi Jeltzalearen geldotasuna, ETA barruko xextrak eta abar. Bereziki interesgarria da liburua ETAren barruko mugimendu ideologikoak eta tirabirak ezagutzeko eta horren barruan ETA-n gertatu diren abertzale ildokoen eta marxista-leninista ildokoen arteko tentsioak eta desadostasunak ezagutzeko. Orduko gatazka ideologikoak ezagutzea, hala ere, ez da ariketa intelektual antzua. Bi ildo horien arteko idatzi eta komunikazioak ezagutzea lagungarria izan daiteke ETAren historia hobeto jakiteko eta, gaur egun, oraindik, ETA ondorengo ezkerrean gertatzen ari diren mugimenduak ezagutzeko: gizartea bera elkartezinak diren talde kontrajarrietan banatzeko dagoen joera politikoa interpretatu ahal izateko, adibidez. Tradizio horren segida gisa uler daitezke orain gertatzen ari diren nazio-despolitizazioa, nazio kontzeptua baztertzea, borrokaren lehen lerrotik euskara, euskal kultura, lurraldetasuna, euskal sinbologia eta autodeterminazioa kentzea; feminismoa, sozialismoa, klase-borroka, “kultura-aniztasuna”, “erabakitzeko eskubidea” eta antzeko kontzeptuak erabiltzea eta baita espainiar politikan parte hartzeko joera ere.

Bere militantzia politikoaren hastapenetik Txillardegik bi helburu izan zituen: alde batetik EAJ kritikatu bere pasibotasun politikoagatik, eta beste aldetik, aldeak markatu EAJ-ren abertzaletasun tradizionalarekin, EAJ-k zeukan arrazistaren ospearekin eta haien izaera katolikoarekin. Gainera, EAJ kritikatzen zuen Txillardegik haientzat euskotar erdaldunduak, “kanpotar” euskaldunduak baino desiragarriagoak zirelako. Euskara baztertzeko jarrera hori euskara nazioaren oinarritzat hartzen zuen Txillardegirentzat onartezina zen. Bere borroka, funtsean, euskararen berreskurapenaren aldeko borroka izan zen eta militantzia horretan euskara bihurtu zuen jarduera kultural, politiko eta nazionalaren ardatz. Pentsaera horrek bultzatu zuen Txillardegi euskara batua sortzera, eta baita ETA barruan eta haren inguruko erakunde eta talde guztietan euskararen defentsa beren egin zezaten saiatzera. Gai hauei aparteko garrantzia eman zien Txillardegik hasiera-hasieratik, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan idatziriko dokumentuetan ikus daitekeenez.

Arrazismoari dagokionez sutsuki kritikatzen ditu Txillardegik Angolako eta Afrikako apartheid-ak, Amerikako Montgomery-ren arrazismo modernista eta “zibilizatua”, frantziarren arrazismoa Algerian eta Espainiaren arrazaren eguna eta antzekoak. Espainiatik trumilka etorritako jende apalari buruz “koreanoak” deitzea kritikatzen zuen baina errealista zen buruan espainiar nazioa zuen jende-uholde horrek euskararen eta euskal kulturaren berreskurapenean izan zezakeen eragin negatiboaz: “Euskadin jaiotako jatorri espainoleko baskoak eta aspalditik Euskadin bizi diren espainolak guretzat baskoak izango dira baldin eta gure errealitatearekiko eta gure eskubideekiko errespetuzko jarrera agertzen badute (…) Ziur egon, nazionalistok ez dugu onartuko ikuspegi etnikoan oinarritutako inolako lehentasunik edo hierarkizaziorik (…) Aldiz, Euskadin bizi diren espainolek, harrera ona eskertu beharrean, euskaldunen kontra konspiratzeari, euskaldunak estranjerizatzeari, euskaldunen eskubideen kontrako lana egiteari eta, labur esanda, euskal Algeriako “ultra” espainolak izateari ekiten badiote ezin dute espero inolako kontsideraziorik jasotzea (…) Errespetuzko jarrera eskatze honetan ez dago arrazismoaren inolako arrastorik” (1961ean idatzita espainolez “Tierra vasca” aldizkarian, P. Sudupe: 33. or.).

Etorkinen integrazioari dagokionez, Txillardegirentzat etorkinen borondate-kontua da eta Euskal Herriaren kontra ari denak ezin du espero begirune handirik jasotzea. “Inork ez dio uko egin behar bere nortasunari. Eta pertsona batek esaten badu “ni Salamankarra izango naiz hil arte”, ongi, bere eskubidea da. Baina atzerritar bezala jarduten badu, onartu beharko du atzerritar bezala tratatua izatea, ez du harritu behar horregatik. Identitatea edukitzeko eskubidea sakratua da eta errespetatua izan behar da. Baina identitate-borondate horri dagokiona da herri honen jardunbide politikoan ez sartzea eta are gutxiago bertako politikan injerentziak egitea” (36. or.).

Txillardegik parte hartu zuen euskal nazioaren aldeko borroka egiteko sortu zen Ekin taldean, hasieran EAJren barruan zegoenean eta ondoren ETA bilakatuko zenean. Berarekin batera Ekin-en sorreran aritu ziren besteak beste J. M. Benito del Valle, M. Agirre, J. Madariaga eta A. Irigoien. “Ekin” erakundea sortzera zihoazela Bilbon, Benito del Valleren etxean, bostetako batek Gudari aldizkaria ale bat (Eusko Gudarosteak gerra-garaian fronteko gudarientzat argitaratzen zuen aldizkaria) ekarri zuen eta haren aurrean zutik egin zuten zin bostok, zer gerta ere, ez zutela erakunde berriaren berri emango. Eusko Gudarostearen segidan ikusten zuten euren burua. Abertzaleak. Gipuzkoan beste horrenbeste egin bide zuten beste sei lagunek” (54-55 or.). Bada, ondoren erakundeak hartu zuen izaera “sozialista iraultzaileak” eta hainbeste erabili den eta erabiltzen den bost puntako izardun banderak ETAtik alde egitera eraman zuten Txillardegi; izan ere, bandera hori ez zegoen erakunde horren sorreran. Tarteka komeni da gertaera hori gogoratzea, gaur egun etengabe “ahazten” edo gutxiesten baita bere sorreran ETAk izan zuen izaera nazionala eta goraipatu bere izaera “soziala”.

ETA barruan zegoenean eta ETAz kanpo gelditu zenean ere, Txillardegik fronte abertzalearen aldeko jarrera sutsua agertu zuen beti, Pako Sudupek dakartzan testuetan oso ongi islatzen dena: berak eta beste batzuek defendatutako fronte abertzalearen ordez ETA ezkerreko edo klaseko fronte espainolista bilakatzeko arriskua ikusten zuten. Arazoaren muinean ETA barruan gailendu zen ideologia marxista-leninista zegoen, abertzale, demokrata eta humanista zen Txillardegirentzat bateraezina zena berak bultzatzen zuen Euskal Fronte Nazionalarekin. Borroka ideologiko hori ulertzeko oso interesgarria da Txillardegiren eta Rikardo Arregiren artean izan zen ika-mika edo idatzien trukaketa. Ondo begiratuta, eztabaida horretan islatu ziren marxismo-leninismoaren eta abertzaletasun humanistaren arteko aldeak eta argudioak irakurtzea lagungarria izan daiteke gaurko “ezker subiranistaren” politika ulertzeko. “Marxismoa modan dago” idatzi zuen Rikardo Arregik eta “marxismoa modan egon zen” erantzun zuen Txillardegik. Ikus ditzagun gai horri buruz Pako Suduperen liburuan agertzen diren pasarte batzuk:

Rikardo Arregik JAKIN-en (1967. urtean, 24. zk.): “Herri bakoitzak sozialismorako bere bide egokia izatea derrigorrezkoa da, baina naziotasuna klasearen batasunetik kanpo pentsatzea sozialista joera batean inola ere onartu ezin daitekeena da. Ez da honekin (esan nahi) errealitate batzuek, egin behar batzuek besteak baino garrantzi handiagorik ez dutenik, horiek denak politika arazoetan klasearen batasunetik kanpo aztertzea eta erabiltzea berebiziko arrisku handi bat da. Sozialista politika batean ezin daitezke nazioa eta gainontzekoak lehendabizi jarri eta gero sozialismoari dei egiteak hori defenditzeko, sentidurik ez du. Klasearen batasunaren barruan egin behar dira planteamendu horiek” (104-105. or).

Txillardegiren erantzuna JAKIN-en (1967. urtean, 26. zk.): “Marxismoa modan omen dago gure artean: hau zion aurtemein (duela gutxi) “JAKIN”-en Rikardo Arregi adiskideak. Zaharrak berri ote? Orain dela gutxi bete dira I. Internazionalaren ehun urteak. Marx-en eta Engels-en “Komunista Agiria” orain dela 119 urte argitaratu zen; eta Karl Marx oraindik bizi balitz, 149 urteko senton (agure) zahar bat izango litzateke. Marxismoa, hortaz, gure herriak gauza “berritzat” gaur hartzea, gure arlotekeriaren neurria da. Marxismoa bete-betean XIX. mendeko asmakeria da, eta zenbait aldetik ezaguera klasikoan sar daiteke. Horregatik eta batez ere Europari gagozkiolarik, “marxismoa modan egon zen” esan behar da; eta ez “marxismoa modan dago” (105. or.). Gero komunismoa pertsonen tirania bihurtu dela defendatzen du Txillardegik eta froga gisa estalinismoa, Langileriaren Diktadura, alderdi komunisten inperialismo eta chauvinismoa eta beste kasu batzuk aipatzen ditu. Funtsean Espainiako alderdi komunistarentzat, adibidez, “euskal nazioa ez da existitzen, Espainiako erregioa da, nahiz eta, ez-popularra delako, sekula ez duten publikoki hala aitortu” (109. or.). Aipatutako artikulua munduaren kondaira klase-borroka hutsera erreduzitu nahia salatuz amaitzen du Txillardegik: “munduaren Kondaira, marxistek besterik esanagatik ere, ez da klase borroka hutsaren kondaira hutsa. Klaseak badaude, bai; baina kulturak ere badaude, sexua ere badago, biologia ere badago, geografia ere badago, pertsonen heriotza eta bizi nahia badaude, eta etniak ere bai. Hauek guztiak batera biltzerik ez dago. Mundua hori baino zailagoa da, ulertu ezina gaur gaurkoz. Denok dugu egia-egarria, eta egarri lehor hori dugulako hain zuzen arbuiatzen ditugu marxismoaren absolutukeria, sinplekeria, eta sasi azalpen batzuk. Munduaren eta Kondairaren kakoa osorik daude gaur beltz eta ilun gure aurrean. Ni bederen, marxismoari buruz, marxista-ondokoa naiz, post-marxista osotara, eta ezin ninteke besterik izan. Aitortzeaz ez naiz lotsatzen. Eta ez dut, bestalde, nire burua marxismoaren arabera ikusten: marxismoaren problematika bera arrotz zait. Gizonaren kakoa ez da, nire ustez, ez marxismoa, eta ez marxismoaren problematika bera ere. Marxismoa, funtsean alienazio hutsa iruditzen zait. Rikardo Arregiren ondorioak, hortaz, ez ditut inolaz ere onartzen “sozialista politika batean, dio gure adiskideak, ezin daitezke nazioa eta gainontzekoak lehenbizi jarri; eta gero sozialismoari dei egiteak hori defendatzeko, sentidurik ez du. Klasearen batasunaren barruan egin behar dira planteamendu horiek”. Batzuek erantzun hau emango liokete Rikardori: “naziotar politika batean, ezin daitezke klasea eta gainerakoak lehenbizi jarri; eta gero abertzaletasunari dei egiteak hori defenditzeko, sentidurik ez du. Nazioaren batasunaren barruan egin behar dira planteamendu horiek”. Guztiz oker emana? Ez horren oker, nik uste” (108. or.). Eta ondoren zera gehitzen dio Txillardegik: “Historiaren analisi zientifiko eta objektiboak frogatzen du ez dagoela Askatasun Nazionalik Fronte Nazionalik gabe. Hala bada, ez da Euskal Askatasun Nazionalik izango Euskal Fronte Nazionalik gabe” (110. or.).

Pako Sudupek Txillardegik bere bizitzan jorratutako beste gai ugari jasotzen ditu bere liburuan eta arreta berezia jarri zion erlijioaren eta marxismoaren arteko loturari: “Apezak, fraileak, serorak eta kristau militanteak, trumilka eta ia batera, marxista bilakatu dira: eta lehengo fededun gartsuenak gaur marxistarik dogmatikoenak dira (…) Euskal Herrian modan dagoen marxismoa, bestalde, ideologikoa dela berehala erreparatzen da. Ez dago gure errealitatean funtsaturik, liburu sakratuetan aurkiturik baizik” (131. or.). Liburuan beste gai batzuk eta Txillardegiren beste ikuspegi anitz irakur ditzakegu: tortura, gandhismoa, kapitalismoa, sozialdemokrazia eta unean uneko Txillardegiren ibilbide politikoaren inguruko kontakizuna, ETAren sorreratik hasi eta Aralar alderdia uzteraino.