Izaro Gorostidi
2023-02-11an, BERRIA.
Salto Euskal Herritik 10.000 kilometrotara dagoen hiri bat da; Uruguai ibaiaren ekialdeko ertzean dago, Saltoko departamentuan, Uruguai estatuko ipar-mendebaldean. Hego Amerikako bigarren lurralde txikiena izanda, Latinoamerikako bi erraldoien artean kokatuta dago Uruguai, Brasil eta Argentinarekin muga egiten baitu. Bertan hiru milioi eta erdi biztanle bizi dira eta, Argentinarekin batera, Europatik kanpo euskal jatorrizko biztanle gehien duen lurraldea da. Uruguaiko biztanleen %10 inguru euskaldunen ondorengoak dira; ehunekoetan, Argentinakoak bezain beste.
Amerikako herrialderik laikoena dela esaten da, 1918ko konstituzioan elizaren eta estatuaren arteko bereizketa instituzionala burutu zutelako. Aurretik, 1907an dibortzioa onartu zen sektore kontserbadore katolikoen eta ez katolikoen erresistentzia handiarekin, banaketarako elkarren arteko adosmena, arrazoi legez aitortu zelako. Ondoren 1909. urtean eskola publikoetako irakaskuntza erlijiosoa kendu eta Asistentzia Publiko Nazionala sortu zuten, erabat laikoa. Ordutik gaur egun arte, kultu-askatasuna ezarri zen errepublika osoan, eta, horrela, giza eskubideen aitortzan, Uruguaik abortua legeztatu duen Hego Amerikako lehen herrialdearen txapela janzten du.
Bertan ikerketa egonaldi bat egiteko aukera eduki dut, Saltoko hirian. Neure burua kokatzeko paseo bat ematera atera nintzen lehen egunean eta kartel honekin topo egin nuen: Saltoko Euskaldun Taldea. Harrituta, hiru aldiz irakurri behar izan nuen elkarte baten aurrealdean agertzen zen izenburu hura, zuriz, gorriz eta berdez margotua. Zur eta lur, parean dagoen merkatura sartu nintzen eta Txoko Bar izeneko tabernan derrigorrezko selfie-a egin nuen, ikurrina barraren eskuin aldean eta Athleticen kamiseta beste aldean.
Aurkikuntza horrek basko uruguaitarrak ezagutzeko aukera zabaldu zidan, hiri txiki honetako euskal diasporarekin ahaidetasun loturak sortzeko aukera. Batzuk euskara ikasten dute Argentinako euskaldunekin batera, lazkaotarra omen da irakaslea, eskolak online egiten dituzte. Beste batzuk ez dute euskaraz berba egiten, baina euskal izenak ipintzen dizkiote beraien seme-alabei; harrotasunez, bertoko izen eta abizen gabeko Baska izeneko andre batek bere biloba Elur deitzen zela kontatu zidan. Historia politak eta samurrak: 92 urteko aitonarekin Ainhoa bisitatu zuen bilobarena adibidez; aitonaren ametsa bete zuen, hots, bere heriotza baino lehen arbasoen lurraldea ezagutzea. Bilobaren haurra Ainhoa deitzen da, noski.
Elkartze honetan, euskal kantutegi herritarraren errepasoaz gain, politikaren inguruko solasak konpartitzeko aukera eduki genuen. Zer egiten ari zarete? Zer gertatzen ari da? Nola da posible Eskozia bigarrenez erreferendum bat planteatzen ibiltzea eta gu hala egotea? Nola da posible Euskadin, hegemonia nazionalista izanda —azken udal hauteskundeetan hamar euskal herritarretik seik EAJri edo Bilduri eman zion botoa—, horrela ibiltzea? Ez ahal da independentzia gure iparrorratza?
Galdera asko, erantzun gutxi. Burura, bi euskal familia nazionalistetako bi burkide ohiri, Letamendiari eta Ibarretxeri, entzundakoa eta irakurritakoa: ez daukagu proiekturik. Ezin ezer mugitu, ezer ez badago. Talde dinamiketan aritu eta horien inguruan ikertzen dihardugunok argi daukagu proiektuari buruz hitz egiteko derrigorrezkoa dela Nia eta Gua aztertzea.
Baina nortzuk dira Ni eta Gu horiek? Europan euskaldun legez edo euskal herritarra bakarrik, edo euskal herritarra espainiarra baino gehiago adierazpenarekin identifikatzen garenok izan gaitezke? Euskal gizartearen %45, azkeneko Euskal Soziometroaren arabera. Beste alderdi batean euskal herritar bezain espainiar agertzen diren %40 eta espainiarra euskal herritarra baino gehiago direla adierazten duten %3. Bere burua espainiartzat bakarrik dutenak %5 dira, eta %6k ez du bere burua —edo bihotza?— euskal-espainiar ardatzean kokatzen: ez daki, ez du erantzuten.
XXI. mende hasiera honetan, Niak momentu oro jasotzen duen mezuak proiektutik aldegitera eramaten gaitu. Gure zorion psikologikoan pentsatzeko esaten ari zaigu, une oro, eta horrek ondorioak ditu proiektuan, pertsona bere norbanako zorionean ixten ari delako eta zorion sozialarekin duen lotura ezabatzen ari duelako. Jose Antonio Marina filosofoaren arabera, gaur egun zoriontasunak justiziarekin, etikarekin eta zorion publikoarekin duen harremana hausten ari da eta nartzisismo arriskutsu batean erortzen ari gara. Funtsezkoa da norbanakoak edozein desarautze psikologiko gainditzen lagun diezaiokeen baliabideak bilatzea, baina agerikoa izan behar da ere, psikologo batek ezin duela lan hitzarmen duin baten beharra ordezkatu.
Nia neurekoikerian egonda, proiektuarentzat derrigorrezkoa den Guaren pentsamendu kritikoa garatzea oso zaila da. Horregatik, sakonki harrotzen nau jakiteak euskal gazteria ez dabilela Titanic ondoratzen den bitartean bideokontsolekin jolasten, baina sakonki arduratzen nau jakiteak Vocentoko portadak betetzen dihardutela, beraien arteko harremanak antzuak izanik edo etenda egonda. Ez al gaude danak itsasontzi berean? Errealitatea aldatzeko politikoki eragin dezaketen izaki kolektiboak eraikitzeaz ari gara? Proiektuak Guaren pentsamendu kritikoaren beharra dauka, eta horretarako oinarrizkoa da begirada desberdinen arteko eztabaida, elkartzea, hausnarketa eta gogoeta.
Eta proiektua non dago? E egunaren ostean zer jarri nahi dugu martxan? Zeren alde jokatu behar dute Niak eta Guak? Zer egin behar da? Pepe Mujica politikari basko uruguaitarraren hitzak erabiliz eta gurera ekarriz, berrogei urte baino gehiago dira zer egin behar den dakigula, eta ez dugu egiten, ezintasun politikoa dugulako. Inpotentzia politikoa konpromiso ezaren ondorio da, eta, egia esan, belaunaldi berrien zati handi batek konpromisoa hartzen badu bakarrik, erabaki politikoak lortzeko eta bizi garen denbora aldatzeko konpromisoa hartzen badu bakarrik, proiektu bat eratzeko gai izango gara. Falta dena, Mujicaren hitzetan, «bizi-konpromisoaren zentzua» da, «gure existentzia gure bizitzaren iparrorratza eraldatzen duen kausa baten zerbitzura ipintzea», alegia.