ZER ESANGO OTE ZUEN TXILLARDEGIK GAUR?

Pako Sudupe

2024-01-15ean, ZUZEU.

Joan zitzaigunetik dozena bat urtera, zer pentsatuko ote zuen egungo Euskal Herriaren autonomiaren eta euskaldunon martxaz?. Nik oso kritiko imajinatzen dut, oso kritiko euskaldunon eguneroko kultural-linguistiko tristearekin, eta oso kritiko abertzaletasunaren ibilbidearekin, bai EAJrekin eta baita EHBildurekin ere.

Puigdemont eta Junts-engandik askoz hurbilago, hots, Miriam Nogueras eledunak berriki agertu bezala: “Katalunia eta katalanengatik ari gara negoziatzen Madrilen, eta ez Sanchezengatik edo Espainiako erresuma aurrerakoiagatik“; Kataluniaren ordez, Euskal Herria jarrita, eta ez bere lelo politiko nagusi gisara neofrankismo faxistari atea ixteko nahia agertzen duen EHBildurenetik; horri, iragan mendeko 60ko hamarkadako felipeen jarrera espainolistaren trazak hartuko zizkion, hortxe nonbait!

Indarrak metatze aldera, Espainiako ezkerrraren gatibu?; utzi norteñoen ikuspegi ustel horiek eta goazen muinera, abertzaleen arteko frontea osatzera eta indartzera, esango zukeen gutxi gorabehera. Entzuten ari naiz neure baitan: hori bera bizi zela bai, baina, besterik ezinean, egoera berrira egokituko zela? Ezetzean nago. EAJ gogor jorratuko zukeen, PSErekin ezkonduta bizitzeagatik, eta EHBildu, hein (handi) batean EAJren jarreragatik izanagatik, PSOEren morroi zintzo bilakatzeagatik Madrilen.

Euskararen, euskaldun gero eta elebidunagoon egoerari zer iritziko ote zion?, kaxkarra, nik uste. Amore emanda edo seko arduragabetuta sumatuko zituen politikariak, eta herritarrok ere, hein handi samar batean, salbuespenak salbuespen. Euskararen ezagutza gutxienekoa gurean unibertsalizatzetik oso urrun, euskara irakaskuntzan ongi finkatzetik urrun, ETB1 ETB2ren mendean…; gure herri eta hirietako kaleak lehengo eta oraingo etorkin euskarak ez baizik erdarak asimilatuez josirik –euskotar eta euskaldun erdarak ia guztiz asimilatuak ere bai, noski!–, euskaldun elebidunon demografia gero eta makalagoa –kanpotarren beharrean beti–, eta erabat harturik, euskarak oso arnas gutxi duela euskal herri eta hirietan; kasu gehienetan, oso ere bazterrekoa!

Alabaina, sumindua imajinatzen dut eta ez etsipenak jota. Itxaropen zirrikituen bila eta haiek hauspotu nahian; Kantauri ondoko gizaki jenio bizikoa baitzen, eta ez Mediterraneo ondokoa, nahiz gaur egun, Jose Mari Pastorrek dioen bezala, haiek lehen basquitisak jota bezala, katalanitisak joago gabiltzan gaur egun geroni, duela dozena bat urte joan zitzaiguna estimutan dugunok.

Txillardegiren heriotzaren urtemugaren aitzakian, neure pertzepzioak agertu ditudala? Baliteke!