Arantxa Urbe
2021-01-2an, GARA.
Penak eta kezkak eraginda ekin diot hezkuntzari begiratu eta orri zuri hau betetzeari. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako heziguneetan gerrarako danbor hotsak harrotzen hasi dira denentzako oso zaila izan den urtearen hondarrean. Izan ere, lurralde horietako hezkuntza komunitateko zati esanguratsu batek, Hezkuntza Sailari eskatu dio prozesua zabaltzea sare kontzertatua publifikatzeko.
Penak eta kezkak bi galdera ekarri dizkidate: lehena, herritarrei galdetuta zenbatek esango lukete ez dituztela zerbitzu publikoak nahi; eta, bigarrena, berriz, Euskal Herriak zer irabaziko luke ikastolak galduta.
Erdigunean Euskal Herria jarri, eta herritar gisa begiratzeko ariketa eginez banoa erantzunen bila. Normalizatu gabeko herria izaten jarraitzen duela ikusi dut lehenik: ez da burujabe, hizkuntza eta hezkuntza sistema normaldu gabe ditu. Ez ote dugu, akaso, azkarregi sinetsi normalizazioa lortu dugula? Herri eraikuntzan, munduko mapan herri gisa agertzeko, ez ote ditugu jada behar AEK, “Berria”, “Argia”, irrati libreak, gaztetxeak, ikastolak eta herritik sortutako beste hamaika ekimen “pribatu”?
Uste dut edozein eztabaidari ekiteko kokapena horixe dela: ez gara herri normaldua. Gure instituzioak Madrilen eta Parisen mende diraute, gure hizkuntza gutxitua da eta datuek etengabe diotenez, arrisku bizian dirau. Onar dezagun, ez gaudela egoera normalizatu batean eta horrek gure konpromisoa eskatzen jarraitzen duela.
Herritar bezala hezkuntza sistema gaurkotu beharra ikusi dut. Nago horretan adostasun oso zabala dagoela. Ez dut uste, ordea, heziguneen titulartasunetik edota jabetzatik hastea denik abiapuntu eraginkorrena, ez hezkuntza komunitateko elkarbizitzari begiratuta, behintzat. Sekula ez ditu emaitza onak eman zatitzen gaituenetik hasteak.
Arnas luzeko kontua da publifikazioarena, arrastaka daramaguna eta gure artean zauri sakonak eragin eta harremanak gaiztotu dituena: herri txiki askotako ikastolak publifikatzetik hasi eta joan den mendeko 90eko hamarkadan inposatu ziguten publiko/pribatu erabaki zatitzaileraino.
Jakin dugu txarrenari onena ateratzen. Hiru hamarkada horietan milaka azterketa, hausnarketa eta bilera ordu egin ditugu. Munduari begira jarri gara beste hezkuntza sistema publiko arrakastatsu eta bateratzaileen bila. Eta aurkitu ditugu. Azkar ohartu ginen arazoa ez dagoela publiko kontzeptuan, inposatu zaigun publiko definizio hertsi eta zentralizatuan baizik, Europako estatu askotan publikotasunak aspaldi hamaika aukera dituela. Eta hori, eskari berria egin duten asko bidaide izanik egin dugu.
Publikoaren aniztasuna Euskal Herriratu genuen eta bereizgarri dugun auzolanaren izaerari hobe erantzungo lioketen proposamenak sortu dira azken urteetan, Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa eta Euskal Eskola Publiko Komunitarioa, kasurako.
Pena eman dit eskariak, zer esango dizuet. Pena, itxura hartu diodalako eztabaida parametro zaharkituetan emango dela, berriro katramilatuko garela publikoa ala pribatua eztabaidan, gure herriaren ezaugarriei zabalago erantzungo lioketen publiko definizio aberatsagoetatik urrun, eskarmentuak ederki erakutsitako eztabaida antzuan. Herritar gisa diot gure herri ez normalizatu, zatitu eta era berean ekintzaile eta komunitarioak publikotasunaren definizio berria behar duela, denok kabituko garena.
Kezkatzen nau multzo handi batek eskatutako prozesua ongi ez kokatzeak zer ekarriko dion hezkuntza komunitateari, nekez aurrera begira elkarrekin egin ditugun urratsekin zer gertatuko den. Asmatuko ahal dugu oraingoan!