“ZERBAIT EGINGO ZUTEN….”

Anjeles Iztueta

2020-11-29an, BERRIA.

Egun seinalatuan, azaroaren 20aren bezperan, Egunkaria-ren itxierari buruzko Sisiforen Paperak antzerkiaren estreinaldira joateko aukera izan nuen. Lerro hauek baliatu nahi nituzke jendeari antzezlan aparteko eta ausart hau ikustera joateko gonbita egiteko.

Pozgarria, estreinaldia Gasteizen izatea; eta erantzuna ez zen makala izan. Printzipal aretoak —COVID garaiotan— baimendua zuen edukiera guztiz bete zen, gazte ugari tartean; eta amaierako txalo zaparrada luzea eta bene-benetakoa izan zen.

Baina antzerkia ikusi bitartean eta ostean zein sentsazio… Barrenak dantzan! Amorrua, mina, eta zerbait idazteko beharra.

Ez ditut ahazteko Egunkaria itxi zeneko eta ondorengo egunetako erantzun neurtuak: «Justiziak egingo du bere bidea»; ezta garai hartako zenbait alderdikideren agindu hotzak; bete ez nituenak. Ezin zuen bestela izan, eta larunbat hartan Donostiako manifestaziora joan nintzen nire kontzientziak hala aginduta. Mikrofonoak aurrean izan nituenean argi eta garbi «nire lagunak torturatzen ari dira» esateko aukera baliatu nuen, gainera.

Donostiako kaleak bete genituen gehien-gehienok jakitun geunden une haietan zer-nolako infernua ari ziren pasatzen atxilotuak. Antzezlanak ederki jasotzen duen errealitatea, gaur egun inor ukatzen ausartzen ez dena, baina momentuan erantzun epelegiak jaso zituena.

Larunbat hartan, beste milaka eta milaka herrikiderekin batera Donostiako kaleak bete genituen, Egunero irakurri genuen, BERRIA etorri zen gero… Erantzun genuen. Baina zenbat halako gure herrian? Zenbat gazte, zenbat euskaltzale, zenbat gizon-emakume? Zenbat izan dira inpunitate osoz atxilotuak eta torturatuak gure herrian?

Eta bitartean, zer? Ardura politikoak izan ditugunok nola jokatu dugu horren aurrean? Eta hemen autokritikarako tartea. Irautea da legea politikan, eta politikoki zuzena denari men egiten zaio gehienetan. Kosta egiten da ausardiaz jokatzea; eta ausart jokatuz ordaindu egiten da, gainera.

Kasu honetan, gezurraren tamaina estali ezina zelako egin du bidea justiziak, baina berandu eta min handia eragin ostean. Bide batez, esan bedi, Joan Marik urte luzetan landutako zentsurari buruzko artxibategiaren arrastorik ez dugula izan ordutik; guztia deuseztatu eta lapurtu ziguten eta.

Baina, beste kasu askotan zer? Egin, 18/98, Zumalabe… batzuk bakarrik aipatzearren. «Zerbait egingo zuten» eta «justiziak egingo du bere bidea» esanez, injustizia eta gezurra betikotu egiten dira. Betikoa: bertsio ofiziala —beste batzuek idazten digutena— jaun eta jabe.

Bazter dezagun tesi bakarraren legea. Saia gaitezen egia bilatzen, eta ikuspuntu desberdinetatik errealitatea aztertzen; edozein autoritateri —propio zein inposatu— automatikoki men egin gabe. Izan gaitezen ausartak.

Eskerrik asko Martxelo, Joan Mari, Xabier eta Xabier, Iñaki, Pello, Txema, Fermin, Ima eta Luis! Eskerrik asko antzerki hau hain era bikainean egin duzuenoi. Eta mila-mila esker bideak ireki dituzuen eta irekitzen jarraitzen duzuen herrikide ausart horiei guztiei.