ZERGATIK EZ DAKITE GURE GAZTEEK?

Karlos Gorrindo

2021-10-4an, GARA.

Deustuko Unibertsitateak egindako ikerlan baten arabera, euskal gatazkari (garaikideari, jakina) buruzko ezagutza «eskasa» da gazteen artean. Euskal Herriko historia nola irakats daitekeen identifikatzen du instituzioak, bakea eraikitzeko bidean aurrera egiteko (bakea? Zer da bakea?).

Gehituko nuke nik Euskal Herriko gazteek ez dakitela zipitzik ere historian zehar gurean eman izan diren gatazkei buruz, oro har. Atzokoei eta gaurkoei buruz, jakina. Gure gazteek ez dakite ETA erakunde armatua Euskal Herriko soberaniaren aldeko borrokan altxatu zela armatan, gure historian zehar hainbat mendetan egin bezala beste erreboltari askok. Gazteek ez dakite azken bi gerra karlistetako erreboltariak soberania itxurako izaera juridiko-politiko-sozialaren alde egitearren altxatu zirela armetan, Espainiak ezarritako sistema ete erregimenaren aurka, Euskal Herriko espezifitate tradiziozkoa aldarrikatzearren.

Gazteek jakingo ahal dute Fernando Katolikoak Nafarroako Erresuma inbaditu eta konkistatu zuela manu militari, 1512. urtean, eta harrezkeroztik Nafarroak erresuma independente eta soberanoa izateari utzi ziola, Gaztelako lurralde arrunt bilakaraziz!

Gazteek zer jakingo dute Bianako Printzea Karlos iloba izendatu zuela Karlos III.a Nafarroako erregeak, Blanka I.aren seme oinordekoa alegia, Nafarroako errege izan zedin ama hildakoan? Eta Karlosek, Blanka I.a Nafarroako erregina hil eta gero, erregetza lortu ezinda, bat egin zuela Gaztelako erregearekin Nafarroako erresuma inbaditua eta konkistatua izan zedin bere asmoak betetzearren, Nafarroari traizio eginez? Eta jakingo ote dute euskal gazteek egun Espainiako Koroak sari banaketa bilakatuta duela Bianako Printzea, XVI. mendeko Gaztelako inbasioa eta konkista gaur egun ere euskal herritarrok birgogoratu dezagun urterik urte?

Jakingo al dute gure gazteek orain dela mila urte Nafarroako Erresumaren baitako lurralde zirela Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba, hala nola Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa, lurralde den-denak bai frantziarrek bai gaztelarrek konkistatu eta inbaditu arte, armak, sufrimendua eta herioa zabalduta? Eta hori balekite, hots, Euskal Herria zazpi lurraldez osatuta egon zela eta egun ere badagoela, hizkuntza, garai bateko lurralde antolaketa, Nafarroaren arragoaren baitan, ohitura eta tradizio bera zutelako zirela-ginela herri eta nazio bakar, harik eta alboko herri eta erresumetako indarkeria militarra, inbasio eta konkistak gu euskaldunok espainiar eta frantziar bilakarazi nahi izan arte gure nahiaren aurka, eta, inoiz, ederki asko asimilatuta, zelako ondorioak aterako lituzkete gaur egun?

Euskal Herriko gazteek hau guztia eta gehiago jakin beharko lukete. Eta aldi berean, denboraren joan luzeak ez gaituela euskaldunok espainiar eta frantziar egiten, eta gu izan nahi duguna garela eta ez bestek gu izaterik nahiko luketena. Eta jakin beharko lukete, halaber, Euskal Herriko historia galtzaileena izan dela, menperatuena eta asimilatuena.

Gazteek ez dute informaziorik hori guztia jakiteko, ez zaie informazio hori guztia ematen, establishment-ak nahi ez duelako. Gazteak era interesatuan ditu sistemak-erregimenak desaktibatuta, desmotibatuta, desafektatuta. Oraina baino ez dute bizi nahi, jakina. Euskal Herriko iraganaren gaineko informazio globala izateak kontzientzia eragingo lieke. Eta ezarritako sistemak ezin du hori onartu. Oraina bizitzeko ez da kontzientziarik behar, nahikoa da konszientea izatearekin. Ezarritako sistemarentzat kontzientzia kaltegarri zaie gazteei. Bizi dugun errealitatea interpretatzeko gaitasun konszientea izatea baino ez zaie eskatzen gaur eguneko gure gazteei.

Zer bake mota eraikiko dute gazteek, bizi duten gatazka bakarra egunean-egunean nahierara bizitzea baino ez denean?